Zaldi azienda feria eginen dute ostegunean Agustindarren industrialdean

Euskalerria Irratia 2016ko ira. 28a, 08:14
Argazkia: Pottoka, mendian.

San Miguel eguna dela eta antolatu du Iruñeko Udalak. Ehun eskorta inguru izanen dira dira zaldi, behor, poni, pottoka, mando zein astoentzat. 07:00etatik 15:00etara zabalduko dute.

Iruñeko Udalak San Migel eguna dela-eta antolatu ohi duen azienda feriak zaldi, behor, pottoka, mando zein astoak bildu ohi ditu, besteak beste. Abelburu guztiak gordetzeko Iruñeko Udalak ehun eskorta inguru jarri ditu Agustindarren industrialdeko udal lurzatian, hipermerkatuaren ondoan. Irailaren 29an, ostegunarekin, 07:00etatik 15:00etara egonen da zabalik.

Azienda feria bat da esklusiboki, hortaz, debekatuta dago elikagaien zein edarien salmenta ibiltariko postuak jartzea, edo feriarekin harreman zuzena ez duten produktuena (larruki-dendak, adibidez). Debekatuta egonen da aparkatzea azienda-ferialekua inguratzen duen eremuan, eta hala seinalatuko du gaurtik aurrera Udaltzaingoak.

Iaz 260 abelburu erregistratu ziren San Migeleko zaldi-aziendaren ferian, eta 207 salmenta egin ziren.

Abeltzainen hitzorduaren logistika

Abelburuak Ferialekura irailaren 28ko gauean sartuko dira. Erositako aziendak garraiatzeko Ferialekura hutsik sartu behar duten ibilgailuek dagozkien gidak aurkeztu beharko dituzte, sartu aitzin. Aziendak jatorri eta osasun gida izan beharko du, abere bakoitzaren datuen berri eman beharko da, eta bizkarroiak hil izanaren ziurtagiria.

Debekatuta dago ibilgailuak aparkatzea eskortek mugatutako kaleetan, zamalanetarako izan ezik, eta ezingo da bestelako animaliarik sartu Ferialekuan, ezta txakurrak ere. Salmentan dauden animaliak probatu eta ibiltzeko, segurtasun neurriak direla-eta, hesitutako esparru txiki bat egongo da industrialdean bertan. Iruñeko Udalak pertzak jarriko ditu abeltzainen eskura, eta zisterna-ibilgailu baten bidez hornituko dira urez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!