Iruñeko Udalaren arte garaikide bilduma ikusi ahalko dute 6.000 ikaslek haien ikastetxeetan

Euskalerria Irratia 2016ko ira. 22a, 07:57

En mudanza – Ibiltari proiektuarekin lekualdatzen joanen da erakusketa. Mendigoitin ipiniko dute lehenbiziko.

Mendigoiti ikastetxean, 199 ikaslerekin, No soy piedra – Ez naiz harri mikro erakusketa ikusi ahal izango da egun hauetan zehar, Iruñeko Udalaren En mudanza – Ibiltari ekimenaren barruan. Arte garaikidea ikastetxeetara gerturatzea da ekimen horren xedea. Gainera, proposamen honek bigarren helburu bat ere betetzen du: Iruñeko Udalaren arte garaikidearen bildumari balioa ematea, sistema ibiltari baten bidez, hiriko auzokide gazteenei erakutsiz.

Bildumaren hautatutako koadro-sorta bat hamabostean behin ikastetxe batera eramaten da, eta horiekin batera Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleekin gaiari lotutako lantegiak eta beste jarduera batzuk egiten dira ikasgeletan. Artea interpretatzen eta baloratzen laguntzeko modu bat da, ikasleen adierazpen- zein sormen-gaitasunak suspertzen ditu, eta irakasleei aukera ematen die irakasgaiak lantzeko artea diziplinarteko ikuspegi batetikerabilita.

Mendigoiti da ikasturte honetan udal ekimen honekin bat egin duen lehen ikastetxea, irailaren 30era arte. Baina beste hamaika ikastetxek baieztatu dute parte hartuko dutela. Orotara, 5.769 ikaslerengana helduko da; horietatik 658, Lehen Hezkuntzako 3. mailakoak. Baina ekimena ez da soilik ikasleengana helduko. Izan ere, Mendigoitiko zuzendaritzaren eskutik, auzoari, oro har, zabalduko zaio. Ikastetxeak  auzotarrei ateak zabaltzea erabaki du, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 19:00etara, arratsaldeetan ere eskolako komunitate osoaren garapena eta engaiamendua sustatzeko.

Programa pilotu hau joan den ikasturte amaieran abiatu zen bi ikastetxetan: San Frantzisko IP eta Nuestra Señora del Huerto IP. En mudanza – Ibiltari Alexandra Baurés-ek –arte garaikidean aditua den komisario independenteak– Iruñeko Udalarentzat egindako proiektu bat da.

Gorpuztasunari buruzko hausnarketa

No soy piedra – Ez naiz harri-k ibilbide bat egitea proposatzen du, gorpuztasunari buruzko funtsezko auzietan barna, diziplina ezberdinetako bost artistek egindako artelanen bitartez. Pieza hauek jarriko dira ikusgai: Marina Vassilivaren Journal bideoa, María José Recalderen Bi buru eskultura, Chema Alvargonzálezen Izenbururik gabe puzzlea, Daniel Cánogarren Palpitazioak argazki-lana eta Sandra Gamarraren 25. Kabinetea koadroa. Erakusketak, oro har, izateari buruzko hausnarketa egiten du, bai gorputzari dagokionez, bai alde kontzeptualari dagokionez; niaren eta gainontzekoaren arteko mugak azpimarratzen ditu, bereziki ni bestearekiko harremanetan, horrek dakarren ikuspuntuen elkarrekikotasunarekin.

Bisita gidatua baino lehen, ikasgelan arte garaikidearen kontzeptua eta arte bilduma baten esanahia jorratuko dira. No soy piedra – Ez naiz harri-ren eszenaratzea erakusketaren izaera ibiltariarekin lotuta dago. Izan ere, artelanak hiru kutxatan garraiatzen dira, eta kutxa horiek, eduki ontzi izateaz gain, behin ikastetxera heldu eta gero, edukiaren erakusleiho bihurtzen dira.

Artea ikasgelan, 8 eta 9 urte arteko ikasleen ia % 30entzat

Erakusketarekin batera artelanei buruzko azalpen-gida didaktiko bat erabiliko da ikasgelan lantzeko, besteak beste honako hauen bidez: Argazki-collageak, idazketa talde-jolasak, eskuei eta mugimenduari buruzko lanak, eta gorputzarekin, siluetarekin eta pertzepzioarekin zerikusia duten jarduerak. Iruñeko Udalak beharrezkoak diren materialak jarriko ditu ikastetxeen eskura.

Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleendako Komisarioaren jolasa izeneko saio bat egongo da, arte garaikidea ezagutzen hasteko, Alexandra Baurésen eskutik, gaztelaniaz, eta Eneko Pérezen eskutik, euskaraz. 90 minututan zehar, karta sistema baten bidez eta taldeka, haurrek erakusketa-proposamen bat egin beharko dute. Gero, komisario inprobisatuek museo bat diseinatu beharko dute, maketa bat egin eta izen bat aukeratu harentzat. Jarduera hau 2016-2017ko ikasturtean zehar, Lehen Hezkuntzako 3. mailako 658 ikaslerengana helduko da. Horrek esan nahi du ikasturte honetan ikastetxe publiko zein itunduetan (2.208) eskolaturik dauden haurren % 29,8ra helduko dela.

Jarduera ikasleei zuzendutako hitzaldi baten bidez osatzen da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!