Molaren eta Sanjurjoren aldeko altxamendua

Juan Kruz Lakasta 2016ko ira. 6a, 10:54
Eroritakoen Monumentua, artxiboko irudi batean.

> UPNk haien gorpuzkiak Eroritakoen Monumentutik ateratzearen kontra bozkatu du.
> PPko gazteak desobiratzeen aurkako sinadura bilketa egiten ari dira.
> Diario de Navarra-k Udalaren ekimenaren aurkako iritzi artikuluak argitaratu ditu.
> Asiron alkatearen kontrako pintaketa mehatxatzaileak azaldu dira.

Burua altxatuko balute, Emilio Molak eta Jose Sanjurjok pozik egoteko arrazoiak edukiko lituzkete, XXI. mendean, 2016 urtean jasotzen ari diren sostengua ikusita. 1936ko altxamendu faxistaren bi buruon gorpuzkiak Eroritakoen Monumentuko kriptatik aterako dituela iragarri du Iruñeko Udalak. Eta iragarpenak bi militar frankiston aldeko hainbat erreakzio eragin ditu. Molaren eta Sanjurjoren aldeko altxamendua.

Tranpa-mozioa

Konparaziora, atzoko osoko bilkuran, UPNko hamar zinegotziek desobiratzeen kontra bozkatu zuten. Enrique Maya eledun erregionalistak mamiaren inguruko eztabaidari iskin egin, eta azalarekin loturiko bi argudio aipatu zituen bere alderdiaren jarrera azaltzeko tenorean: ez dute espedientea behar bezala aztertzeko betarik izan; eta mozioa tranpa da, UPN ataka estuan jartzea baitu helburu bakar.

EH Bildu, Geroa Bai, Aranzadi, Izquierda Ezkerra eta PSNk batera aurkeztu zuten ekimena, eta gorpuzkiak kriptatik ateratzearen alde egiteaz gain, Joseba Asiron alkateari elkartasuna adierazten zion, auzi honen karietara haren aurka azalduriko pintaketa mehatxukorren karietara.

Erorien Monumentua, “gure ondare espainiarra”

PPk ez du ordezkaririk Iruñeko Udalean. Nolanahi ere, alderdiko gazteek sinadura bilketa abiatu dute desobiratzeen aurka, web ezagun batean. Zehazki, Nafarroako Nuevas Generaciones taldeko presidente Alvaro Sobejanok sinatu du ekimena. Haren hitzetan,  ikur frankistaz josita dagoen Eroritakoen Monumentua “gure ondare espainiarraren osagarria” da, eta “errespetua zor zaio bai gure historiari baita gure ondare amankomunari ere”. Salatzen duenez, “balio historiko-artistiko kalkulaezina duen eraikina birrindu nahi dute, arrazoi ideologikoengatik”. Bistan da, UPN ez bezala, PPko gazteek azalari ez ezik mamiari ere heldu diotela, batere konplexurik gabe.

Farola onak vs ikur frankistarik gabeko farolak

Bestalde, Diario de Navarra berripaperak Mola eta Sanjurjo kriptatik ateratzearen aurkako zenbait iritzi artikulu plazaratu ditu azken egunotan. Esate baterako, atzo, Luis Landa zutabegileak oso argudio irudimentsua ibili zuen. Kontatu zuen berriki Logroñon izan dela, eta han oraindik badirela Molaren eta Sanjurjoren izenak daramatzaten kaleak. “Zergatik? Gamarra andereak [Logroñoko alkateak] bestelako lehentasunak dituelako, eta kaleotako bizilagunek normaltasunez bizi direlako, gatazkarik eragin gabe. Nahiago dute asfalto eta argiztapen onak edukitzea, dirua plakak aldatzen gastatzea baino”, azaldu zuen.

Landaren argudioak euskararen inguruko dikotomia faltsu eta sona handikoa parafraseatzeko aukera ematen du: zer nahiago duzu, farola ona ala ikur frankistarik gabeko farola txarra? Sare sozialetan, soka luze samarra ekarri zuen artikuluak.

“Ausartu zaitez bizirik daudenekin”

Asironen aurkako pintaketak abuztuko azken asteburuan azaldu ziren, Zabalgunean, eta “Asiron, ausartu zaitez bizirik daudenekin” zioten. Balirudike Molak eta Sanjurjok burua altxatuko balute ikusiko luketeela haiek ez liratekeela bazterrotako zonbi frankista bakarrak. The walking franquist.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!