Bi iruindar atxilotu dituzte Grezian migratzaileentzako hiru etxe okupatu hustean

Euskalerria Irratia 2016ko uzt. 28a, 09:24

Europar Batasunaren migrazio politika "kriminalak" salatu dituen karabanarekin joan ziren bi ekintzaileak Greziara, eta atzo hartu zituen atxilo Poliziak, beste lagun askorekin batera.

Thessaloniki (Grezia) hirian hartu ditu atxilo bi iruindarrak Greziako Poliziak, migratzaileei eta errefuxiatuei aterpe ematen zieten hiru etxe okupatu hustean. Nazioarteko ekintzaileak, errefuxiatuak eta migratzaileak atxilotu dituzte operazio horretan.

Utzarazi dituzten eraikin okupatuetan, ehunka migratzaileei eskaintzen zieten laguntza. Nikiz izena zuen horietako batek, propio errefuxiatutako sendiei babesa emateko sortua. Orfanotrofeio deiturikoa zen beste bat: berrokupatu egin zuten hainbat eragilek, hutsik egon ostean, autogestioaren bidetik erantzunak eman nahian errefuxiatuen egoerei.

Iruñean elkarretaratzea egin zuten atzo bi atxilotuak aska ditzaten exijitzeko, eta kalejiran joan ziren Nabarreriaraino ehun lagun inguru. Gaur goizean, bi lagunak karguekin libre uztea da litekeena.

Uztailaren 16an atera zen Greziarako karabana, Europar Batasunaren mugak eta migrazio politika "kriminalak" salatu eta errefuxiatuei eta migratzaileei elkartasuna adierazteko xedez.

Arropa eta botikak, galduta

Greziako eragile askok gertatutakoa salatu dute, eta eraikinak hustearekin bat, botikak eta errefuxiatuentzako arropa galdu dela diote. "Gobernuaren ekintza kriminala" izan da etxe okupatuak hustea, euren aburuz.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!