Hezkuntza "apolitiko" baten alde elkarretaratzea egin dute hainbat gurasok, UPNko, PPNko, PSNko eta Ciudadanoseko politikariekin

Euskalerria Irratia 2016ko eka. 10a, 14:00
Argazkia: Atzo udaletxe plazan egindako elkarretaratzea.

Euskarazko bi haur eskola berrien aurka azaldu dira, Hezkuntza apolitiko baten alde. Denok sartzen gara lelopean, udaletxe plazan.

UPNko Enrique Maya, Sanchez de Muniain eta Iñigo Alli, PSNko Maite Esporrin eta Gimeno Gurpegi, PPko Javier Garcia eta Ciudadanoseko Ramon Romero. Horiek dira hainbat gurasorekin batera atzo udaletxe plazan bildutako politikariak. Xedea: protesta egitea haur eskolen auziari lotuta.

Bi haur eskolen hizkuntza aldaketari dagokion auzian, "zirrikitu legalak" bilatzeari utz diezaioten "exijitu" diote Iruñeko udalari, "ziurgabetasuna" handitu baino ez baitu egin familia eta hezitzaileen artean, protesta egileen hitzetan.

Epaitegietan dago orain Donibane eta Printzearen Harresi haur eskolen eredu aldaketa, baina elkarretaratzea egin duten gurasoek badute haien epaia: "Prozesua geratu egin behar da, eta 2016ko otsailaren 22ko egoerara bueltatu".

"Legeak dio lekualdatze eta aurrematrikula epea ireki behar dituztela berriz, lehengo moldearekin", adierazi dute. Era berean, udalari leporatu diote gatazka sortzea: "Ez ditzala gaztelaniazko eta euskarazko familiak elkarren aurka jarri".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!