Pediatriako ZIU berrian adingabeak gurasoekin egonen dira eguneko 24 ordutan

Euskalerria Irratia 2016ko mai. 25a, 19:12
Arg: http://www.lolabuscanuevaimagen.com/

Irailetik aurrera, gurasoek ZIUn bisita-ordutegi malgua izanen dute. Ebakuntzak egin aurretik ere adingabeen alboan egon ahalko dira senideak.

Datozen asteotan eginen den Nafarroako Ospitaleguneko Pediatriako kirurgia-aldearen eta ZIUren berrantolaketari esker, irailetik aurrera, ospitaleratutako adingabeek beren senideekin egoteko denbora gehiago izango dute; hala, "Ospitaleratutako Haurren Europako Gutuna"·betearaziko da.

Osasun Departamentuko kontseilari Fernando Dominguezek gaur eman duen informazioaren arabera, Nafarroako Ospitaleguneko B eraikinean dagoen Zainketa Intentsiboen Unitatea (ZIU), lehengo Virgen del Camino ospitalean, helduen ZIUren alboan dagoen espazio libre batera pasako da. Horrek esan nahi du azalera % 50 handituko dela eta, horrenbestez, artatutako haurrak gurasoekin eguneko 24 ordutan egon ahalko direla, gauak barne (gaur egun lau ordu baino ez ziren egoten).

Gainera, ZIU berriak osasun-langileek beren lana egin ahal izateko baldintzak hobetuko ditu: argi naturala izanen du, isolamendu akustikoa eta espazio ezagatik orain eskaini ezin ziren zerbitzuak (bainugela). Lekua ez da zabalduko, ordea, eta 4 oherekin jarraituko da.

Urtero, Pediatriako ZIUn 140 kasu/urteko artatzen dira batez beste (138, 2015ean), 10 eta 15 egun arteko batez besteko egonaldiarekin. Ebakuntzengatik edo desorekatu egin diren prozesu akutu eta kronikoengatik sartzen dira unitatean (arnasketakoak, onkologikoak).

Ebakuntzetan pazientearen alboan egotea

Kirurgia-aldearen kasuan, haurrei laguntzeko itxarongela bat egokituko da, eta irailetik aurrera ere erabilgarri izanen da.

Itxarongela horretan 2 ohe izanen dira, eta familiako pertsona bat pazientearen alboan egoten utziko du anestesiaren aurretiko prozeduretan, operazio-gelara eraman aurretik. Aukera hori ezin da baliatu une hauetan, harrera-gela kirurgia-barrutiaren barnean baitago; beraz, mugatutako zirkulazio-espazio bat da, ospitaleko higiene-neurri batzuk bete behar dira nahitaez, eta neurri horiek ezin dituzte bete lan-zirkuitutik kanpo dauden pertsonek.

Neurri horrek urtean Nafarroako Ospitalegunean operatzen diren 2.150 haurri eginen die onura, eta kirurgiako estresa eta paziente nahiz familiaren antsietatea murriztea bilatzen du; horrekin batera, banantzeak bi aldeei eragiten dien trauma murriztea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!