Euskarazko haur eskolaren alde egin du %37,7k

Euskalerria Irratia 2016ko api. 19a, 08:19

Euskarazko eredua edo euskara eta ingelesa duenaren alde egin du familien %37,7k. Eskaintza eredu horietan %27 da.

Bi haur eskola gehiagok eskainiko du Iruñean euskarazko eredua. Hala, eskaintza %27koa da eredu horretan eta ez da nahikoa izanen eskariari aurre egiteko. Izan ere, gurasoen %37,7k egin du euskarazkoaren alde. Eredu eleanitzaren aldeko apustua egin dute guraso askok eta baita ingelesezko jarduerekin nahi dituztenak ere. Gaztelaniazko eredua eta gaztelaniazkoa ingelesarekin %61,5ak eskatu du. Haur eskolen artean hamabitik zortzik eskaintzen dute aukera hori.

Iruñeko Udalak egindako txostenaren datuak dira horiek. Haur Eskolen Erakunde Autonomoak egindako galdeketaren emaitzak dira. 0-3 urte arteko haurrak dituzten gurasoei egin zaie inkesta, izen-emate epean.

Familiek nahiago dute eredu eleanitza. Hala diote datuek: %47,8k, hau da, 851 familiek eman dute izena eredu horietakoren batean. %13,7k egin du gaztelaniazko ereduaren alde. %27,7k egin du euskarazko eredua eleanitzaren alde eta %10,1k euskarazko eredua ingelesezko jarduerekin izateko aukeraren alde.

Auzoen artean, desberdintasunak

Alde Zaharrean bizi diren gurasoek Donibaneko haur eskola nahiago dute euren seme-alabendako. %11,5k eman du izena Donibanekoan. Mendillorrin bestetik eskaera gutxien izan da. 0-3 urte arteko haur gutxiago dago auzoan eta eskaririk txikiena auzo horretan dago.

Eskaintza aurten, orekatuagoa

Hamabi dira haur eskola publikoak Iruñean. Heldu den ikasturterako bost ikastetxek eskainiko dute gaztelaniazko eredua: Arrotxapeak, Mendebaldeak, Mendillorrik, Haurtzarok eta Jose Maria Huartek. Hiru ikastetxek eginen dute gaztelaniazko ereduan ingelesezko jarduerekin: Hello Egunsenti, Hello Azpilagaña eta Hello Buztintxurik. Beste lau ikastetxetan euskarazko eredua izanen da: Goizeder, Izartegi, Printzearen Harresi eta Donibane. Horrez gain, Nafarroako Gobernuaren baitako beste bost ikastetxek gaztelaniazko eredua eskainiko dute: Nuestra Señora de los Angeles, Santa Teresa, San Jorge, Nuestra Señora de Roncesvalles eta Ninia Etxea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!