“Beste mundu bat posiblea dela aldarrikatzen duten liburuak plazaratu nahi ditugu”

Euskalerria Irratia 2016ko mar. 7a, 15:48

Lakaben (H)uts argitaletxe berria jarri dute abian. Gaur honen aurkezpena eginen du Arkaitz Leon Muela idazleak Katakrak aretoan 19:00etan. Askaria eta literatura jokoak eginen dituzte ekitaldian.  

Arkaitz Leon Muela idazlea Nafarroako Lakabe herri komunitarioko kidea da txikitatik. Bere liburuetan fantasia eta abenturak erabiltzen ditu egungo errealitate ekonomiko, sozial eta politikoari kritika egiteko. “Relatos de Mithard” sagaren egilea da. Liburu sorta honetatik lehen alea,“Las tierras en juego”, argitara eman zuen duela bi urte. Apirilean bigarrenak ikusiko du argia: “El pueblo perdido”, Lakaben sortu berri dute (H)uts argitaletxearen eskutik.

 

Lakabeko beste bi kiderekin, Ines Muñoz eta Vero Reza martxan jarritako ekimena da hau beste mundu bat posiblea dela aldarrikatzen duten liburuak plazaratzeko asmoz. Lehen bi liburuak apirilean kaleratuko dituzte:  Ideia sortu zenean ikusi genuen aukerak eta indarrak bagenituela abian jartzeko. Inesek proposatu zuen duela sei urte agortuta eta katalogoetatik kanpo dagoen liburu bat berrargitaratzea: “La poesía de los árboles” Ignacio Abellak eginiko hainbat egileren poema bilduma, eta Cacereseko Leticia Ruiz Fernandez ilustratzailearen akuarelez hornitua. Lanaren egileei azaldu genien zein zen gure asmoa eta berehala esan ziguten baietz, gustura gainera.  Lan hau hautatu ondoren argitaletxeko beste bi kideei nire bigarren liburua pasa nien. Hasiera batean nik banuen argitaletxe bat interesatua honetan, baina Verok eta Inesek ikusi zuten oso interesgarria zela eta bete-betean bat zetorrela argitaletxearen helburuekin”.

 

Izena nondik heldu den horrela adierazi digu Arkaitz Leonek: “Hau hautatu dugu hutsean aukerak amaigabeak direlako. Dena da posible. Euskaraz jarri nahi genuen izena hizkuntzari diogun errespetua eta atxikimenduarengatik.

Hatxea parentesi artean dago, mutua izanik hutsaren ikurra delako”.

 

 (H)uts argitaletxea abiarazteko diru bilketa bat egitean ari dira Verkami plataformaren bidez, apirilaren 2ra arte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!