Saioa Zabalza (Paris 365): "Familien pobrezia kroniko bilakatzen ari da"

Euskalerria Irratia 2016ko ots. 16a, 12:27
Gizakia Herritar Fundazioko kideak gaurko agerraldian.

Gizakia Herritar Fundazioak iaz 1.421 herritar artatu zituen, 2014an baino %21 gehiago. Kezkagarriena, haurrak dituzten familien egoera dela nabarmendu dute.

Gizakia Herritar Fundazioak hainbat zerbitzu eskaintzen ditu egoera larriak bizi dituztenak artatze asmoz. Elikadurarekin loturik, Paris 365 jantoki solidarioaz gain, elikagai saskiak ere banatzen ditu duela zenbait urte. Hain zuzen, elikadura arazoak dituzten pertsonak 2014tik hazi egin dira. Zehazki Paris 365 jantokian 40.325 bazkari eta afari banatu zituzten 430 lagunen artean (2014an baino %24,4 gehiago eta 2013an baino %40 gehiago). Jantokian 134 adingabe izan dira otorduak hartzen iaz. “Familien pobrezia egoera kroniko bilakatzen ari da eta atenditu beharreko haurrak urtero gehiago direla ohartzen ari gara”, azaldu du Saioa Zabalza Paris 365eko kideak. Oinarrizko saskien banaketa ere hazi egin da: “928 saski banatu genituen 67 familiaren artean eta egun, itxaron zerrenda dugu”, ohartarazi du. Gauzak horrela, aztertzen ari dira nola aurre egin eskaera horri eta elikadura arazoak dituzten guztiak nola asebete.

Aldi baterako ostatua ere eskaintzen dute Fundazioan. Paris Etxea 365 izenarekin 4 etxebizitza dituzte egoera larriak atenditzeko. “Beteak izan dira etxebizitzak, eta are gehiago, badugu unean-unean sortu daitekeen larrialdi egoerarako etxebizitza bat, ba hori ere erabili behar izan dugu behin baino gehiagotan”, azaldu du Zabalzak.

Txoko txiki zerbitzua ere haur askok erabili dute iaz: 34 familiatako 56 neska mutiko izan dira ludoteka horretan. Etorkin aholkularitza zerbitzuak 4.235 kontsulta egin ditu doan. Etorkinek juridikoki dituzten kezkak argitzen saiatzen dira bertan.

Gizarteratzea, xede

Nafarroako Gobernuan eta Iruñeko Udalean izan den aldaketak eraginik izan duela adierazi dute Fundazioko kideek. “Pausoak ematen ari direla dirudi, nahiz eta, oraingoz modu teorikoan izan”, diote. Izan ere, egunerokoan eta modu praktikoan oraindik ez da gehiegi sumatzen ari. Dena dela, espero dute etorkizun hurbilean diru sarrerarik gabe dauden herritarrak eta pobrezian daudenak atenditzea. Ahalik eta azkarren antzematen hasteko beharra badela uste dute: “Jantokira etorri direnen %37ak ez du inolako diru-sarrerarik”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!