Asiron: "0-3 urteetan euskara bermatzea eskubide historiko bati erantzutea da, ez inposizioa"

Euskalerria Irratia 2016ko ots. 12a, 13:17

Langilerik ez dutela kaleratuko agindu du Iruñeko alkateak, eta UPNko jarrerarekin kritiko azaldu da. Izan ere, "euskalduntzea eta inposaketa" da hamabi haur eskoletako lau euskaraz izatea, erregionalisten irudiko.

"Herritarrek orain arte baino askoz eskubide zabalagoa izanen dute euren seme-alabak nahi duten ereduan matrikulatzeko". Joseba Asironek egin du irakurketa, funtzionarioak omentzeko prentsa-aurreko batean; gaia ez zen haur-eskolena. Baina urak ez daude bare.

Langileak ere izan ditu gogoan. Inor ez dute botako, haren hitzetan. "Gehienez ere" lekualdatzeren bat eginen dute, eta eskualde barruan.

"Iruñea bi hizkuntzadun hiria da, eta biek izan behar dute tokia", duda-mudarik gabeko solasaldia osatu du.

Datu historikoekin harilkatu du kontakizuna: 1983an, haur eskolak ireki ziren urtean, zortzi zentroetatik bi ziren euskaldunak; 2015ean, hamalau eskola ziren, eta, hala ere, bi eskoletan baino ez zuten euskara irakasten.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!