Iruñeko euskalgintza “pozarren”, haur eskoletan euskarazko eskaintza handitzeko erabakiarekin

Euskalerria Irratia 2016ko ots. 12a, 08:18
Euskalgintzako kideetao batzuk atzoko agerraldiaren ondoren. Arg: euskalgintza

"Asko dira oraindik irabazi beharreko plazak. Gaurko poza ez da erabatekoa, indarra hartzeko eguna da, lanean jarraitu ahal izateko".

Iruñeko euskalgintzak pozarren hartu du Iruñeko Udalak (EH Bilduk, Geroa Baik, Aranzadik eta Izquierda-Ezkerrak) 2016-2017 ikasturtean euskarazko eskaintza handitzeko hartu duen erabakia. Horrela jakinarazi dute Sagrario Aleman eta Asier Biurrunek Iruñeko Euskalgintzaren izenean. Hogei urtez Iruñeko 17 haur eskoletatik bitan baino ez da euskaraz hezteko aukera eman eta hurrengo ikasturtean eskaintza hori beste bi auzotara hedatuko da: Donibane haur eskolara eta Arrosadiako Printzearen Harresi haur eskolara. "Berri ona da hori", adierazi dute Iruñeko Euskalgintzaren eledunek.

"Urte luzez euskaraz bizi nahi duten herritarrak baztertuak izan dira eta haien hizkuntza-eskubideak urratuak", gaineratu du Sagrario Alemanek. "Urte hauetan guztietan ehunka gurasok ezin izan dituzte euren haurrak euskaraz hezi 0-3 urteko zikloan eta aukera izan duten apurrek beren burua hautatu beharrean ikusi dute: beren seme-alaba auzoko haur eskolan utzi (gertu, eroso…) euskaraz hezteari uko eginez edo egunero Txantreara joan-etorrian ibili haurra euskaraz hezi ahal izateko".

Sagrario Alemanek gaineratu du, "urte hauetan guztietan etengabea izan da Iruñeko auzo guztietan euskarazko haur eskolak izatearen eskaera". Era guztietako eragileek egin dute eskaera hori: gurasoek, euskalgintzak, sindikatuek, eragile sozialek, auzo eragileek, alderdi politikoek... Eta forma askotarikoak izan dira ere egindako mobilizazioak: agerraldiak, artikuluak, sinadura bilketak, kontzentrazioak, kalejirak, jende kateak, aulkitxo dantzak, eskaera bilketak, erregistroak, helegiteak… "Irudimenik eta kemenik ez da falta izan urte hauetan guztietan aldarria kalera atera eta eskubideen bermea exijitzeko".

Auzo guztietara heltzea, erronka

Asier Biurrunek eskertza adierazpena egin du: "Gaur, jende horri guztiari gure txalorik beroena eman nahi diogu indarrez eta ilusioz borrokatzeagatik, eta bereziki gogoan izan nahi ditugu haien txikiak euskaraz hezi nahi izan dituzten guraso guztiak". "Txapeldun hutsak zarete! Txalo bero bat eta gure besarkadarik beroena izan duzuen eta duzuen kemenagatik!", gaineratu du Biurrunek.

Euskalgintzako ordezkariak adierazi duenez aldaketa hau lehen urratsa besterik ez da: "aldaketa emanen da, beraz, aurten, baina lehen urrats gisa ulertzen dugu emandako hau". Izan ere, oraindik Iruñeko auzo guztietan euskaraz hezteko aukera egon dadin bidea egiten jarraitu beharko da: Alde Zaharra, Buztintxuri, Sanduzelai… "Asko dira oraindik irabazi beharreko plazak. Eta alde horretatik, gaurko poza ez da erabatekoa. Indarra hartzeko eguna da gaurkoa, lanean jarraitu ahal izateko. Zorionak Iruñea eta segi dezagun lanean!", amaitu du Biurrunek.

 

 

Erlazionatuak

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!