Bidador Pastoralaren DVDa salgai

Euskalerria Irratia 2015ko abe. 11a, 09:29

Iruñeko Karrikiri elkarteak Xabier karrikaren 4an duen euskal dendan salgai dago Joxemiel Bidador - Iruñeko euskaldunak pastoralaren DVDa 12 euroren truke.

Bertan ikusgai dago pastoral bera osotasunean eta baita goiz partean Iruñeko karriketan barna arizale eta musikariek eginiko karrika-ingurua. Lan honetaz aritu gara solasean Kike Diaz de Ulzurrun, Zaldiko Maldiko Elkarteko kidearekin. 

Jon Alonso idazleada pastoralaren testuaren egilea. Berak  pastoralari buruzko bi gogoeta egin zituen , urriaren 10ean egin zen estrenaldiaren harira: “Zuberoako pastoralaren jatorria ez da argia, baina gaur egungo gutxi goitibeheitiko formarekin XVIII. mendetik gaur arteko bidea egin duen Zuberoako herri antzerkietako bat da. Jatorrian erlijio kutsuko gaiak jorratzen zituen (hortik pastorala izena) eta Euskal Herriko beste zenbait txokotan mantendu diren auto sakramentalen nolabaiteko ahaide izan daiteke.

Informazioa eskuratzeko horrenbeste baliabide ez zelarik, irakurtzen ez zekiten lagunei Bibliaren pasarteak barnerarazteko modu antzeztua, alegia. Gerora, eta batez ere XX. mendeko azken herenetik hona, Etxahun Iruriren eraginez batik bat, pastoralaren gaiak desakralizatu egin dira. Zuberoako pastoralak antzerkia, kantua, dantza eta musika biltzen dituen generoa da, hitz neurtuz, koblaka, ematen dena.

Sujet edo protagonista baten bizipenen berri ematen duen istorio antzeztua da pastorala, bi talde antagonikoen bitartez jokatzen dena (kristau eta turkoak). Baina, berehala ikusiko duzuena ez da, zehazki, Zuberoako pastoral bat. Zuberoako pastoralaren funtsa errespetatuz, Iruñeko pastoral bat egin nahi izan dugu, iruindarrek (batez ere) iruindarrendako egina. Joxemielen omenez, pastoral mañueteroa! Zuberoako herri antzerki molde zoragarri honen ezaugarri nagusietarik batzuk ikusiko dituzue eszena gainean, beraz. Beste zenbaitzuk, agian ez. Goza dezazuela ikusten, guk prestatzen gozatu dugun bezala!”

 Argazkia: Aldatz

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!