Lore Etxeak eta Euskal Jaik oinordeko berria dute. Larunbatean Iruñeko Konpainia karrikako 5 atariko eraikina okupatu zuten, gaztetxe berria egiteko asmoz. Edo, okupatzaileen batzarrak atzo plazaraturiko agiriaren hitzetan, “egungo eredu sozioekonomikoari alternatibak bilatzeko eta parte hartzean, elkartasunean, eta auzolanean oinarritutako erlazioak gauzatzeko espazio autogestionatu bat eraikitzeko asmoz”.
Ez dute Udala gatazkan sartzerik nahi
Gaztetxeko batzarrak agirian dio Gobernuarekin harremanetan jarri dela, eta negoziatzen ari direla. Halaber, zehazten du Gobernuari dagokiola “irtenbide positibo bat” bilatzea, eta ez Udalari: “Ez dugu uste inondik inora, udaletxeak gatazka honetan ardura zuzena daukanik”, nabarmendu dute. Atentzioa ematen du agiriak birritan nabarmentzen duela hori bera. Gobernuak “bere ardurak har ditzala gure proiektua aintzat hartuz eta udaletxeari ardura pasa gabe”, dio beste pasarte batean.
Eraikinaren jabea Nasuvinsa enpresa publikoa da, eta etxebizitza sozialak ditu. Egun ez ziren erabiltzen. Nolanahi ere, Gaztetxeko batzarreko eledun Irantzu Matxainek Euskalerria Irratiari azaldu dionez, “egoera onean daude, lurra eta leihoak ongi daude”.
“Gobernuari ez zaio okupazioa gustatu”
Gaztetxeko Batzarreko eledun Irantzu Matxainek Euskalerria Irratiari adierazi dionez, Nasuvinsako gerentearekin eta Miguel Laparra kontseilariarekin harremanetan jarri dira. “[Okupazioa] ez zaie batere gustatu, baimenik ez dugulako eskatu eta legeak markaturiko bidetik atera garelako. Une politikoa aldatu da, eta guk aldaketa hori erakundeetan ez ezik kalean ere atzematea espero dugu”, azaldu du.
Matxainen arabera, oraingoz beste harremanik ez dute izan ez agintariekin ezta agintarien mendeko poliziekin ere: “Uniformedunik ez da hurbildu”. Gaztetxea 23:00etan ixten dute, eta 40tik gora lagunek igarotzen dute gaua barruan; eta goizeko 9:00etan zabaltzen dituzte berriro ateak. Eraikinaren parean infogunea zabaldu dute, informazioa banatzeko eta kamisetak saltzeko.
Sostengu eskean
Matxainen arabera, duela sei hilabete hasi ziren okupazio hau prestatzen. Lehenik eta behin erabaki behar izan zuten zein bide segi: administrazioari lokala eskatu ala okupatu. Okupazioaren bidearen alde egin zuten, “gobernu ezkertiarrak izan arren, mugimendu autonomoa izan behar delako”.
Okupazioa behin gauzaturik, orain sostengua biltzeari ekin diote hemen.