Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuak 90.600 otordu baino gehiago banatuko ditu 2016an Iruñean

Euskalerria Irratia 2015ko aza. 24a, 19:44
Argazkia: goiena.eus

Urtarrilaren lehenetik tarifak jeitsiko dira: bazkariko 1,5 eurotik eta afariko euro batetik, otordu bakoitzeko 0,50 eurora.

Iruñeko Udalaren Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua 1.209 lagun artatzen ari da 2015ean; Tokiko Gobernu Batzarrak erabaki du 2013an Tallunce SM enpresari esleitu zitzaion kontratua luzatzea, 2016ko abenduaren 31ra arte. Aldi horretarako, 539.511 euroko gastua aurreikusten da. Iaz, enpresak 94.752 bazkari eta afari banatu zituen etxez etxe Iruñean, eta aurreikusita dago aurten 90.600tik gora izatea. Adibide gisa, urrian 254 lagunek erabili dute elikadura-zerbitzua, eta 6.446 bazkari eta 1.290 afari banatu dira Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren erabiltzaileen artean.

2016ko urtarrilaren 1etik aurrera, zerbitzuaren gutxieneko kostua jaitsiko da erabiltzaileendako: bazkariko 1,5 eurotik eta afariko euro batetik, otorduko 0,50 eurora. Tarifak erabiltzailearen errentaren arabera ezartzen dira. Gainera, sistema txosten medikoen arabera eratutako profil pertsonalizatuetan oinarritzen da: zeliakoendako menuak daude, diabetikoendako, dieta hipokalorikoak, gatz gutxiko dietak, dieta hiperproteikoak... 17 menu desberdin egiten dira, lehen eta bigarren platerez osatuak, gehi postreaz eta ogiaz. Zerbitzu honi heltzeko hainbat baldintza bete behar dira, eta Auzo-unitateetako gizarte-langileek dute horiek baloratzeko ardura.

Zerbitzu honek artatutako pertsonei zuzeneko laguntza ematen zaie etxean, gehienez bi ordu egunero. Horrez gain, laguntza jasotzen dute etxeko lanetan, zainketa pertsonalean eta garbitasunean, baita gizarteratze-prozesuan ere. EELZri atxikirik, aukeran, arropa garbitzeko zerbitzua dago, baita elikadura-zerbitzua ere, zeinaren bidez bazkariak eta afariak eramaten baitira etxeetara. EELZn artatuak izan diren % 70,6k arreta pertsonalizatua behar dute, % 2,42k arropa garbitzeko zerbitzua dute, eta % 26,96 elikadura-zerbitzuaren erabiltzaileak dira.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!