Iruñeko alkate Joseba Asironi elkarrizketa egin diogu gaur, Irrintzi Dorreko estudioetan. Lasai sumatu dugu, karguan sostengatzen duten lau indarrekin aurrekontuak adostu eta gero.
Bost hilabete igaro dira alkate karguaz jabetu zinenetik. Zer izan da onena eta zer okerrena?
Udal politika jendearengandik gertuen dagoen politika da. Erabakitzen duzunak eragin zuzena du jendearengan. Hori da gehien gustatzen zaidana.
Gutxien gustatzen zaidana, horrelako postu batera iristen zarenean, suak itzaltzen ibili behar izatea, eraikitzen ibili ordez. Ulertzen dut oposizioak bere lana egin behar duela, guk egin izan dugun bezala. Baina horrek denbora asko galarazten dizu.
Laugarren zabalgunea aldarrikatzen duzu. Zer da hori?
Norberak baditu bere aitzindariak. Historialaria naiz. Erreferentzia historiko bat da. Iruñeak hiru zabalgune izan ditu. Lehen Zabalgunea harresiez haratago iristeko egin zuten, Padre Moret Inguru horretan. Bigarren zabalguneak XX. mendean sartu zuen Iruñea. Eta Iturrama eta Donibane auzoei deitzen zaie Hirugarren Zabalgunea.
Laugarrena ez litzateke fisikoa baizik eta mentala. Baditugulako harresi ideologiko batzuk, eskuinak udal boteretik sortu dituenak. Horiek bota behar ditugu, zabalgune mental bat egiteko.
Parisko atentatuen aurkako elkarretaratzean izan zinen atzo. Zergatik?
Atzoko eguna zen halako gauzak egiteko unea. Guztiok batera agertzeko, batez ere gure elkartasuna adierazteko Parisko jendearekiko, han gertatu dena benetan ikaragarria delako. Argazki horretan guztiok agertu behar dugu. Aurrerago beste gogoeta batzuk egin beharko ditugu nazioarteko politikaz. Zergatik ez digute eragiten horrenbeste min basamortuan gertatzen diren bonbardaketak? Gogoeta hori egin behar da, baina ez atzo.
Joan den astelehenean Barkos lehendakaria elkarrizketatu genuen, eta udal maparen aldaketaren garrantzia nabarmendu zuen. Zer iruditzen?
Egon den benetako aldaketa ez da gertatu hainbeste instituzio potoloetan; izan ere, batez ere aldaketa munizipalista izan da. Udal mapa ikusten badugu, oraingoa eta duela urte betekoa alderatzen baditugu, inon baino hobeki ikusten da aldaketa. Lehen hogei udalerrietatik UPNk ez du bakarra salbatu. Horrek ikusarazten du aldaketa zer izan den.
EH Bilduk duela lau urte Gipuzkoan hainbat erakunde bereganatu zituen, eta orain galdu ditu. Zer pentsa ematen al dizu?
Donostian gauza asko oso ongi egin zituzten, adibidez etxegabetzeak geldiarazi ziren. Badira adibide asko. Ez dakit noraino izan den benetan guk gaizki egindakoengatik. Seiehun boto galdu ditugu Donostian, besterik ez. Baina bai gertatu da eskuinaren botoa elkartu dela, aktibatu dela. Edozein kasutan ere, oso erne egon behar dugu halako akatsak, zaborraren tratamenduaren kudeaketarena adibidez, ez egiteko.
Zer moduz daramazu lau indarrek sostengaturiko alkatea izatea?
Ez da erraza oso ezberdinak garelako, kultur politika ezberdinetatik gatozelako. Hori akatsa da? Ahulezia da? Ez dut uste, gauzak eztabaidatu egiten ditugu, eta batzuetan haserretu egiten gara, baina erabaki batera iristen garenean, indartua dator, guztiz transbertsala delako, zeharkakoa. Gauza garrantzitsuetan oso ados gaude, adibidez aurrekontuetan.
Lau indarron artean ia 200 milioi euroko aurrekontua hitzartu duzue 2016rako, %10 gehiago.
Medio askotatik askotan indarra jartzen da beste gai periferiko batzuetan. Eta ez zaie ematen aurrekontuei duten garrantzia. Oinarrizko tresna dira udal baten kudeaketarako. 2011tik aurrera aurreko udal gobernua ez da kapaza izan beste alderdi batekin adosteko aurrekontu batzuk. Guk lauon artean egin dugu. Horrek islatzen du zein den udal gobernu honen bat egiteko gaitasuna gai garrantzitsuetan.
Aurrekontuetan, zer nabarmenduko zenuke?
Adibidez, parte-hartzean, berdintasunean, %92 igo dugu aurrekontua. Eta afera sozialetan %12 handitu dugu. Lau alderdien kanpainan esan genuen pobrezia, etxebizitza zirela gure helbururik garrantzitsuenak. Hizkuntza politikan ere egin dugu ahalegina. Aldaketa horrelakoetan sumatu da batez ere.
Nola aurkitu dituzu udal langileak?
Hainbeste urte udal gobernuan eman eta gero, bizio asko zegoen, gauzak egiteko modu biziatua, klientelarra: corralito forala. Adibidez, hainbat eragilek esan digute koordinazio falta sumatzen zela. Adibide bat: egun berean hiru area ezberdinetatik hiru ekitaldi ezberdin antolatu ziren Gazteluko plazan. Sistema oso higatua zegoen. Hori hainbat arlotan sumatu dugu. Enrique Maya Joxe Abaurrearekin haserretu zen, dena hankaz gora topatu genuela esan zuelako. Baina hala zen. Langile onak ditugu, oso funtzionario profesionalak, baina ez zuten beraiekin kontatzen, bazituzten buru batzuk behatzarekin jarrita, eta besteak ez zituzten aintzat hartzen. Esate baterako, udalak 200 etxe hutsik zituen, erabili gabe, etxe kaleratzeak egiten ari ziren hirian, 200 etxe hutsik.
Rodezno kondearen plazaren izenarekin zer gertatu da?
Serapio Esparza izena jarri genuenean mahai gainean adostasun baten bila jarri genuen, ez inor mintzeko. Alderantziz. Alkatetzatik gauzak hiriaren mentalitatearekin pentsatu behar dira, ez talde baten mentalitatearekin, denak eroso sentitzeko. Udal aginte taldean proposamena gehiengo zabal batez onartu zen. Gero egia da hainbat kolektibotan desadostasunak izan zirela, baina hor ere ez daude denak ados. Badago udal aginte taldearen borondatea, osoko bilkurarena eta kolektiboena. Hori nola kudeatu da gakoa. Alkatearen eskuduntza da hori erabakitzea, baina alkateak ez du erabakia bere kaxa hartu nahi. Egia esan niri orain berdin zait Askatasunaren plaza edo Serapio Esparzaren plaza deituko den. Baina iruditzen zait UPNk eta PSNk sekulako hipokrisia erakutsi dutela gai honetan. Haiek izan dute orain arte alkatetza. Lotsagarria da haien jokabidea. Bigarren kontua are inportanteagoa da: Serapio Esparza pertsonaia historikoa bere garaian zigortu zuten eta orain berriro zigortu nahi dute.
Alde Zaharra itxi nahi duzue autoentzat. Zer eginen duzue?
Alde Zaharra egokitu, berrantolatu nahi dugu. Lehentasuna eman behar zaio oinezkoari. Behin hori eginda, erabilerak mugatuko dira. Zama lanak eta horrelakoak bermatuko dira, baita han bizi direnen beharrak ere. Orain Alde Zaharrak duen trataera trafikoari dagokionez ez da hiri batek XXI. mendean behar duena. Hori horrela, aparkatzeko tokiak berrantolatu beharko dira, eta horrek Lehen Zabalgunean eta Bigarren Zabalgunean eragina izanen du. Honen atzean dagoen izpiritua da hiri erosoagoa nahi dugula bizitzeko, ez autoz ibiltzeko.
Done Saturdi Eguna hamabost egun barru. Xixtera jantziko duzu? Spiderman azalduko da?
Spiderman ez da egongo. Arantzadikoek eta Izquierda Ezkerrakoek ez dute parte hartuko. Nik ez dut afiziorik xixtera janzteko, baina iruditzen zait hori dela prozesioetarako nire mozorroa, Caravinagre bezala.
Amaitzeko, selfie bat eginen dugu?
Zu zara falta zaren bakarra. Sanferminetako egun batean 200 selfie egin nituela kalkulatu zuen lagun batek.