Erraldoien konpartsa, dantzariak, musikariak eta La Pamplonesaren emanaldiak Iruñeko Udalaren ekarpena San Fermin Txikirako

Euskalerria Irratia 2015ko ira. 22a, 20:34

Iruñeko Udal Dantzari Taldea. Argazkia: dantzan.eus

2008tik lehen aldiz Udalak ez du egitarau propiorik antolatuko, Alde Zaharreko Jai Batzordeak antolatutakoa ontzat hartuz. Erredinen kokatuko da Auzogunea.

Erraldoi eta Buruhandien konpartsa larunbat arratsaldean eta igande goizeko prozesioan hartuko dute parte, Udal dantzariekin eta La Pamplonesa musika bandarekin batera. Honetaz gain Udal txistulari eta gaitariak dianetan arituko dira.

Maider Beloki, Kultura, Hizkuntza Politika, Hezkuntza eta Kiroletako zinegotzia, Toni Iragi, Eneko Yoldi eta Ekhiotz Lacasta Alde Zaharreko Jai Batzordeko kideekin bildu da gaur arratsaldean. Bilera honetan zinegotziak jakinarazi die Udalak bere gain hartuko dituela hiritarren segurtasunerako beharrezkoak diren neurriak, tabernetako ordutegien zabalpena eta Erredinen barra kokatzeko lanak. Modu berean zakarrontzi gehiago paratuko direla eta Jai Batzordeak eskatzen dituen hesiak eta argindarraren egiturak eskainiko dizkietela adierazi die Maider Belokik. Bukatzeko sei komun kimiko jarriko direla Erredinen, Zaldi Zurian, Jauregiaren Aldapan eta Kaldererian iragarri du zinegotziak.

Irailaren 25,26 eta 27an 150 ekitaldi baino gehiago eginen dira Iruñearen festa txikietan, haien artean herri streptease bat, “karrozen” lasterketaren XXXVgarren edizioa eta irrintzi lehiaketa bat. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!