Eugenio Arraiza euskaltzale eta kultur eragile iruindarra hil da

Euskalerria Irratia 2015ko abu. 14a, 12:08
Eugenio Arraiza bere memoria liburua aurkezten, artxiboko irudi batean. Jagoba Manterola / Argazki Press

Euskalerria Irratiko sortzaileetako bat eta Eusko Ikaskuntzako idazkari eta arduradun nagusi izan zen. Egun Eusko Kultur Fundazioko buru zen, besteak beste. Bihar larunbatean, 12:00etan eginen diote azken agurra Iruñeko hilerrian. 

Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936) euskaltzale eta kulturgile iruindarra hil da 79 urte bete behar zituen egunean bertan. Azken 45 urte hauetan, berriz Iruñera bizitzera etorri zenetik, lan handia egin zuen Arraizak euskararen alde. UEUren talde eragileko Nafarroako ordezkaria izan zen,  Euskalerria Irratiaren sortzaileetako bat, Eusko Ikaskuntzako Nafarroako idazkari eta arduradun nagusi, Arturo Kanpion euskaltegia eta Zaldiko Maldiko eta Bertsolarien Lagunak elkarteetako bultzatzailea eta Haur Kantari Txapelketaren sustatzailea izan da urtetan.

Gerra hasi zen urtean jaioa, Arraizak Madrilen eta Zaragozan arkitektura eta filosofía ikasten aritu zen unibertsitatean eta jesuita ikasketak egin zituen Loiolan. Apaizgoa utzita 1979an Iruñera itzuli eta euskara ikasi zuen Arturo Kanpion euskaltegian. Geroztik kulturgintzan jardun du eten gabe. Egun Eusko Kultur eta Iruñeko Komunikabideak Fundazioetako buru zen, ondare ez materialaren bilketan eta Nafar Telebistaren sustatzen lanetan zebilen bereziki lanean azken aldi honetan.

Bihar, abuztuaren 15ean, 12:00etan egingo diote azken agurra, Iruñeko hilerrian. Bertan parte hartuko dute, besteak beste, Lontxo Aburuza bertsolariak eta Kike Diez de Ultzurrunek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!