Sanferminak 2015

Iruñeko Orfeoiak eta Veleta peñakoen oinordeokek botako dute Txupinazoa

Euskalerria Irratia 2015ko eka. 25a, 09:47
La Veleta peñako kideak, 1931ko irudi batean (argazkia: Txupin Etxepare)

Alkatetzak proposamen hori aurkeztu die Udal Gobernuko kideei, eta ezusterik ezean onartu eginen dute. Joseba Asiron alkateak uko egin dio berak botatzeari "beste batzuek gehiago merezi dutelako".

Veleta peñako kideek, 1931n, sanferminetan zuriz janzteko ohitura asmatu zuten. Bost urte geroago, 1936an, haietako asko fusilatu zituzten frankistek, errepublikazaleak, abertzaleak edo anarkistak izateagatik. Txupin Etxepare ekimenak, Iruñeko peñen federazioaren babesarekin, aurtengo Txupinazoa  La Veleta peñako kideen oinordekoek bota dezatela proposatu dute, memoria  historikoa berreskuratzeko eta festen izaera herrikoia bespizteko xedearekin. Halaber, Txupinazoa jaurtitzeko prest diren oinordekoen zerrenda helarazi dio Udalari.

Alkatetzak Txupin Etxepare ekimenaren proposamena begi onez dakusa, ñabardura batekin: Iruñeko Orfeoiak aurten 150 urte betetzen ditu, eta hura ere txupinazoan protagonista izatea nahi du. Joseba Asiron alkateak dagoeneko Orfeoiko ordezkariekin mintzatu da. Hortik dator azkenean Udal Gobernu Taldeari egindako proposamena: La Veletakoen oinordekoek eta Orfeoiaren ordezkariek batera piztu dezatela Txupinazoa. Alkatetzak asteartean egindako bileran jakinarazi zien proposamena aldaketaren aldeko lau taldeei. Taldeok egunotan haien erabakiguneetan aztertzen ari dira. Biharko erabakia hartua izatea espero da.

Orain arte, udal taldeek jaurtitzen zuten Txupinazoa, handienetik txikienera, salbuespen batekin: ezker abertzalearen txanda iristen zelarik, UPNk baztertu izan du beste norbaiten esku uzten zuen. Joseba Asiron alkateak azaldu izan du legealdi honetan Txupinazoa urtero herritarrek botatzea  nahi duela, eta gainera jaurtitzailea aukeratzeko erabakia herritarren esku utzi nahi dutela, prozesu parte hartzaile baten bidez. Haatik, lehen urte honetan ez denez halako prozesu bat antolatzeko astirik, Alkatetzak La Veletaren eta Orfeoiaren aldeko apustua egin du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!