1978ko sanferminak ziren, festetako hirugarren eguna, eta zezen-plazan izandako liskar handien ondoren, Orreaga etorbidean tiroz hil zuten German Rodriguez. Liga Iraultzaile Komunistako (LKI) kidea zen, eta 23 urte zituen hil zutenean. Egun hura gogoratzen du urtero 1978ko sanferminak gogoan plataformak. Joseba Asiron Iruñeko alkate izendatu berriak baieztatu du aurten parte hartuko duela omenaldi ekitaldian: "Bada garaia Iruñeko Udalak eta alkateak ekitaldi horretan parte hartzeko", adierazi du Asironek. "Akusaziorik eta zigorturik gabeko krimena" dela gogorarazi du eta memoriaren eta erreparazioaren beharra dagoela.
German Rodriguezi omenaldia urtero bezala uztailaren 8an eginen diote haren omenezko oroitarria dagoen tokian, Orreaga etorbidean.