Euskarazko udal haur eskoletan plazarik gabe geratu da lau haurretatik bat

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 19a, 08:50

Iruñean 58 haur geratu dira plazarik gabe euskarazko haur eskoletan. 164 plaza eskaini ditu Udalak euskaraz eta eskarietatik %26 baino gehiago kanpoan geratu dira.

“Dagoen eskariari erantzuteko nahikoa eskaintza ez dago oraindik. Hortaz, hauteskundeen ondoren sortzen den udal-taldeak arazo honi irtenbidea eman beharko dio”, hala aldarrikatu du Kontseiluaren baitan biltzen den Iruñeko euskalgintzak. 0-3 urte arteko haurren artean lautik bat euskarazko haur eskoletatik kanpo gelditu dira, plazarik gabe. 164 euskarazko plaza eskaini ditu Iruñeko Udalak eta horiek betetzeaz gainera 58 haur kanpoan gelditu dira. “Udal berriak arazo hau konpondu behar du: Auzo guztietan euskarazko eskaintza egotea ziurtatuz”.

Arrotxapean eta Txantrean 222 plaza eskatu dituzte euskaraz eta gaztelaniaz (edo gaztelania-ingelesez) 350. “Zifra horietan amarrua dago: 342 plaza eskaini badira gaztelaniaz eta 164 euskaraz, egoera horrek modu nabarmenean baldintzatzen du eskaria”, uste du Kontseiluak. Euskalgintzaren ustez, euskaltzaletasuna are nabarmenagoa agertuko zen eskaintza handiagoa izanen balitz. “Froga moduan: Gainontzeko auzoetan eskaria % 0 izan da, justu eskaintzaren portzentaje bera”.

Eskaintza nahikorik ez

Aurten, euskarazko haur eskola bihurtu da Arrotxapeko Haur Eskola. 82 plaza bete dira eta 31 haur plazarik gabe geratu dira. Haurtzaro gaztelaniazko Haur Eskolan eta ingelesezko jarduerak dituen baina gaztelaniaz den Hello Rochapean, hiruna haur gelditu dira plazarik gabe. Hello Rochapeak egun erdiko plazak eta egun osoko plazak ditu aukeran: orotara, 123. “Hello Rochapean plaza guztiak bete dira, baina, propagandak eta eskaintza gurasoen beharretara moldatzeak izan du eragina, bultzada instituzional garbia baitu”, nabarmendu du Kontseiluak.

Txantrean ere plazarik gabe geratu denik izan da. Izartegi euskarazko Haur Eskolan 82 plaza bete dira eta 27 haur lekurik gabe geratu dira. Egunsenti gaztelaniazko Haur Eskola bihurtu da. 82 plaza bete ditu eta plazarik gabe haur bat geratu da. Nafarroako Gobernuarena den Txantreako Santa Teresa Eskolak bete ditu bere 55 plazak, kanpoan haur bat gelditu da.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!