Miren Peñaren omenezko manifestazio isila eginen dute gaur arratsaldean Iruñean

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 27a, 13:08

18:00etan abiatuko da Iruñeko Gurutze Plazatik. Hipotekek Kaltetutakoen Antsoaingo Plataformak agiri bat irakurriko du protestaren amaieran.

Biharko manifestazioa isila izanen da hala eskatu duelako Miren Peñaren familiak, Los Martes al sol (Astearteak eguzkipean) kolektiboak jakinarazi duenez. "Isiltasun hori erabatekoa izatea nahi dugu, pisutsua izan dadila, oihu mota bat bihur dadila”, azaldu dute herritarrak protestan parte hartzera deitzeko prentsaurrekoan.

Gogoratuko denez, Miren Peñak larunbatean bere buruaz beste egin zuen, Hipotekek Kaltetutakoen Nafarroako Plataformak (PAH) eta LABek salatu dutenez, langabezian zegoelako eta hipoteka ordaintzeko arazoak zituelako.

Miren Peñak Orkoiengo Faurecia enpresan egiten zuen lan, 2013an kaleratu zuten arte. Langabezia laguntza amaitu zitzaiolarik, ezin izan zion hipotekari aurre egin eta PAHri laguntza eskatu zion. PAHko abokatuekin Laboral Kutxara joan zen, Jarduera Onen Kodea aplikatu ziezaioten eta zorra birnegozia zezaten. Ostiralean, bere heriotzaren bezperan, Laboral Kutxaren gutun erregistratua jaso zuen. Hartan kode hori aplikatzeko baldintzak ez zituela betetzen esaten zioten.

Laboral Kutxak ohar bat karrikaratu du, azaltzeko gutun horretan berean Peñari esaten ziotela bi aldeentzako soluzio egokia bilatzeko prest zeudela, eta Peñaren aurkako etxegabetze prozesurik ez zuela martxan jarri, besteak beste orain arte ordaindu beharreko guztia ordaindu zuelako. PAH-k beste ohar baten bidez erantzun du legeak aukera ematen duela Jarduera Onen Kodea aplikatzeko baldintzak ez beteta ere. Gure kolaboratzaile Asier Azpilikuetaren aburuz, ohar borroka horretan Kutxa atera da garaile.

Bestalde, Peña LAB sindikatuko afiliatua zen. Eta LABek gogor salatu du Peña eta beste 10 lagun Orkoiengo Faureciatik bota zituztelarik UGTk izan zuen jarrera. UGTk ere gogor erantzun dio.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!