Arrotxapeko orube bat besterendu du Iruñeko Udalak babes ofizialeko 60 etxebizitza egiteko

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 25a, 17:01

Babes ofizialeko 60 etxebizitza, garage eta trastelekuekin eta beste 30 autoentzako garaje plaza egiteko  besterentze hitzarmen bat onartu du Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu batzordeak.

Arga ibaia eta Arbizu kaleen artean dagoen  lur sailari dagokio, zehazki 9-A poligonoko P-14 orubea. Udalak Vitra Parque del Arga S. Coop. Ltda enpresarekin, CCOO sindikatuarekin eta  GPS Gestión S.A.U. gestorarekin sinatu du hitzarmena.

1.778 metro koadroko orube honen prezioa  2.476.639 eurotakoa da, BEZa barne.

Orain 12 hilabete eta egun bateko epea zabaltzen da sal-erosketa kontratuaren eskritura sinatzeko. Lanak esleitu zaizkion taldeari jakinaraziko dio Udalak nola jaso nahi duen ordaina: dirutan edo babes ofizialeko zenbait etxebizitza hartuaz.

Hitzarmenean jasotzen den bezala, eginen diren etxeen diseinua hirirako “egokia” izanen da. Etxaurreak kalitate teknikoaren irizpideen arabera eginen dira eta etxebizitzek kalifikazio energetikoa  izan beharko dute.

Hitzarmen hau lotua dago Udalak  berriki UGTrekin sinatu duen beste batekin, Arrotxapean 56 etxebizitza gehiago egiteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!