Hegoalde ikastolako patioa "urgentziaz" estal dezala eskatu dio Parlamentuak Gobernuari

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 19a, 08:05
Argazkia: pamplona.es

Eskaera atzo onartu zuten, Hezkuntza Batzordean. PSNk, Bilduk, Aralarrek eta IZquierda-Ezkerrak alde bozkatu zuten. UPN eta PP abstenitu egin ziren.

Hegoalde ikastolako patioan estalpea ahalik eta lasterren, "urgentziaz" eraiki dezala eskatu dio Nafarroako Parlamentuak Foru Gobernuari. Gaia atzo jorratu zuten legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. Bada plan bat patioa lekuz aldatzeko, eta bada leku bat estalpea egiteko, baina proiektua atzeratzen ari da. Parlamentariek urtarrilaren 23an ikastetxera egindako bisitaldiaren ondorioa da atzo onarturiko mozioa.

Alde Zaharreko San Frantzisko eta Arrosadiako Hegoalde dira Iruñea osoan patio estalirik ez duten bi ikastetxe publiko bakarrak. Kasualitatearen handia: biak D eredukoak dira. Berriki, San Frantzisko Ikastetxeko Guraso Elkarteak ikastetxe publikoek ikasle bakoitzeko duten patio azalera neurtu zuen. Ratiorik okerrenak Alde Zaharreko San Frantziskok, Arrotxapeko Patxi Larrainzarrek eta Txantreako Bernart Etxeparek zituzten. Kurioski, hirurak D eredukoak.

Hezkuntza Batzordean onarturiko mozioak halaber eskatzen du arrapala bat egin dadila gimnasioko sarrera, hau ere “urgentziaz”, mugikortasun mugatua duten pertsonentzako.

Hegoalde ikastola 1982an eraiki zuten. Egun 288 ikasle ditu, 17 taldetan banaturik: Haur Hezkuntzako 5 eta Lehen Hezkuntzako 12. Ikastetxeak 28 irakasle ditu.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!