Indarkeria sexista identifikatzeko eta hari aurre egiteko ikastaroa Gaztediaren Etxean

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 9a, 11:00

Martxoko azken asteburuan izanen da prestakuntza ikastaroa.

Iruñeko Gaztediaren etxean Indarkeria sexista identifikatu eta hari aurre egin izeneko ikastaroa izanen da. Indarkeria mota guztiak identifikatzeko gaitasuna landuko da eta horiei aurre egiteko zein tresna eta baliabide har daitezkeen ezagutzea da helburua. Sortu daitezkeen erasoei segurtasunez erantzutea eta batez ere bortxa egoerak ekiditea da ikastaroaren beste xedeetako bat. Martxoko azken asteburuan eginen dituzte saioak.

Gazteen artean indarkeria sexistaren inguruan sentsibilizatzea eta kontzientziatzea da ikastaroarekin lortu nahi dena. Gero eta emakumeenganako eraso gehiago ari da ematen gazteen artean eta bereziki aisialdi garaian gertatzen da indarkeria hori. Hori horrela, aisialdiko une horietan sortzen diren egoerak aztertu eta "ohiko edo normal" deritzon baina sexismoa izkutuan duten uneak agerian jartzea da lortu nahi dena. 

Autonomia eta autoestimua berreskuratzeko aukera

Indarkeria bera zer den eta nondik sortzen den ere azalduko zaie gazteei. Estereotipoak, maitasun erromantikoaren gaia, taldeen arteaan harremanak nola sortzen diren, aisialdi motak ... aztertuko dira eta adibideen bitartez indarkeria identifikatzeko gaitasuna landuko dute ikastaroan izen ematen dutenek. 

Martxoko azken asteburuan izanen dira saioak. Larunbatean goizez eta arratsaldez. Goizeko hamarretan hasiko da lehena eta ordu bata eta erdietan amaituko da. Arratsaldean bostetan hasi eta bi ordu eta erdiz izanen dira. Igandean bereziki ondorioak atera eta horiekin bideo bat osatzea izanen dute gazteek egiteko, goizeko hamarretan hasi eta hiru ordu eta erdiz. 16 eta 18 urte bitarteko gazteek eman dezakete izena, doan. Gaztediaren Etxean, Zangoza kaleko 30. zenbakian edo telefonoz egin daiteke. 

Ikastaroaz gain bideo bat ere osatuko dute

Landutakoa bideo batean bilduko dute gazteek. Modu horretan Gaztediaren Etxean landutakoa zabaltzeko aukera izanen da. Ikasitakoa eta ateratako ondorioak bilduko dituzte eta beste gazteei hausnarketa egiteko proposatuko diote ikus-entzunezko lan horrekin. 

Maia Ansa Diez de Ure izanen da prestakuntza saioak emanen dituena. Gizarte Lana ikasitakoa da eta Berdintasunerako Masterra egindakoa. Ikastaroa parte hartzailea eta dinamikoa izanen da. Gazteak eurak izanen dira protagonista.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!