Hiri buruzagiko sarreretako paneletan Iruña jarriko duela hitz eman du foru Gobernuak

Euskalerria Irratia 2015ko ots. 11a, 17:05
Iruñeko Euskalgintza ekimeneko kideak

Hala iragarri dio Arartekoari Sustapen Departamentuak, Iruñeko Euskalgintza ekimenak aurkezturiko kexaren harira. Hiri buruzagiko sarreretako 13 kartel aldatuko ei dituzte.

Lanak fruituak ematen ditu. Eta Iruñerriko Euskalgintza ekimena uzta ederra jasotzen ari da. Lehendabizi, Iruñeko Udalbatzak Euskararen Ordenantza berria onartzea lortu zuen. Orain, Nafarroako Gobernuak Iruñeko sarreretako panelak aldatzea eta horietan Iruña agertzea lortzear da.

Arartekoak urtarrilaren 13an jaso zuen Sustapen Departamentuaren erantzuna, Iruñeko Euskalgintzak aurkezturiko kexaren harira. Erantzun horren arabera, “Iruñeko herri hasiera eta amaieraren hamahiru kartel aldatuko dira, oraingoan Nafarroako Foru Erkidegoaren hiriburuarentzat 338/1990 Foru Dekretuak ezartzen duen Pamplona/Iruña izen ofiziala agertuko delarik”. Lan horiek egiteko eperik, ordea, ez da finkatzen.

 

2012an, Udal Ordenantza aldarazi zuten

2010 urtean AEK, Administrazioan Euskaraz Taldea, EHE, IKA, Nafarroako Ikastolen Elkartea, Sortzen-Ikasbatuaz eta Karrikiri Euskara Elkarteak jarri zuten abian Iruñeko hizkuntza-paisaia euskalduntzeko dinamika.

Herritarren bultzadaren eraginez NaBaik, PSNk, Bilduk eta I-Ek ordenantzaren aldaketa onartu zuten 2012an. Behin ordenantzan aldaketa eginda, honako formulazioa dago indarrean:

“Iruñeko Udalaren eskumena den hizkuntza-paisaian euskarak eta gaztelaniak presentzia berbera izanen dute, eta, horrenbestez, edukia, tamaina eta kontrastea berberak izanen dira bi hizkuntzetan, plaken, seinaleen, kartelen eta hizkuntza-paisaiaren gainontzeko elementuen errotulazioan”.

Paperean jasota egotea, ordea, ez da nahikoa eta araua gauzatzeko oposizioko alderdiekin elkarlana abiatu dugu. Ondorengoa izan da alderdi horiekin adostuta 2013ko urtarriletik ekainera egiten ari den lanketa.

Informazio gehiago, Iruñeko Euskalgintzaren webgunean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!