Iritzia: Google mapsen, adibidez

Euskalerria Irratia 2010ko ots. 1a, 13:14

Aitor Etxarte

Etengabe asmatua dagoena berriki asmatzen saiatzen gara. Porrota izan dena , porrota berregiten. Munduko hainbat lurralde aberatsetan hiri trinkora itzultzen ari direnean Iruñerriak aurkako bidea hartu du.

Le Courbusierren Hiri Distiratsua, Howarden Lorategi hiria eta beste hainbat eredu urbanistikoek sortu dituzten arazoak aitortzen dituzte adituek: funtzioen araberako espazioen zatiketa, hau da, hemen lo, han lan egin, beste hartan erosi, batetik besterako mugikortasun arazo larriak, baliabide naturalen hiperkontsumoa, espazioaren harrapakaritza erraldoia ehunka etxetxo-lorategiak egiteko, klaseen arteko bereizketa fisiko zurruna, hiria ez zena neurri gabe urbanizatuz.

Hori da azken bi hamarkadetan gupidarik gabe inposatu duten hiri eredua. Zein erakunde demokratikoan hartu dira erabaki hauek? Zeintzuk izan dira hiritarrok eduki ditugun bide demokratikoak gure iritzia emateko?

Emaitzak hor ditugu: aspaldiko herritxo hurbilak erresidentzia pribilegiatuak bihurtu dira etxe askotan igerileku bana edukiz, soro emankorrak zirenak txaleten urbanizazio amaigabeak bihurtu dira, lau haizeetara zabaldu dituzte diru sarrera homogeneoa duten burgesen auzo berriak, komertzioa hiritik kanpo segregatu da, industria guztia eta zerbitzu asko edonondik urruti dira, hiriaren gunea aisialdi merkerako dekoratua bihurtu da.

Hiri eredu horren porrota ezaguna da aspaldi. Jane Jacobsek Estatu Batuetan orain berrogei urte gertatzen ziren joera hauek ikusita zuzen idatzi zuen:

Hiri Distiratsua, Lorategi Hiria, Hiri Ederra eta antzeko hiri sakabanatuaren utopiak erreakzionarioak dira.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/02/aitoretxarte201021.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!