Ion OrzaizJakes...

Euskalerria Irratia 2001ko aza. 30a, 01:00

Ion Orzaiz

Jakesen zain nengoen eta hasia nintzen kezkatzen. Hamaiketan geldituak ginen; hamabiak hamar gutxi, zioen erlojuak. Beste aukera bat emanen niola zin egin nion neure buruari, eta han gelditu nintzen. Zain. Barraren gainean, nire aldamenean, hiru kafe katilu zeuden. Hirurak erdi hutsik. Eta hautsontzia, zigarrokinez mukuru. Bizpahiru txokor alboratu nituen, errauts piloan nire zigarroa itzali ahal izateko. “Beste kafe bat, mesedez” irribarretsu batez zuzendu nintzaion barraren bestaldeko zerbitzariari. Kafe-makinatik itzuli zenean, ondoan zegoena 121 errepidea ote zen galdetu nion. Ez al nintzen bada okertuko? Agian Jakes beste errepide bateko kafetegian zegoen, nire zain. Baina ez. Zalantzarik gabe, 121 errepidean nengoen. 250. kilometroan. Hitzartutako kafetegian. Bera ez, ordea.

 

Hamabiak eta laurden. Kafe hondar epelak katilu batetik bestera pasatzera jostatzen ari nintzela, familia dotore bat sartu zen kafetegian. Kanpoan hogeita hamar gradutik gora egingo zuen baina senarrak jaka beltza eta gorbata zeramatzan. Emazteak udako soineko arin eta loreduna. Maukarik gabekoa. “Sport casual, informal eta elegante aldi berean”, pentsatu nuen, eta irriñoa eskapatu zitzaidan ezpainen artetik. Emaztearen inguruan, saltoka, hiru haur: bi neska eta mutiko txikia. “Opusekoak. Seguru”.

Bi kafesne eskatu zituzten, eta hiru txokolatezko irabiaki, haurrendako. “Ez al duzue komunera joateko gogorik?”, galdetu zien gorbatadunak emazte eta seme-alabei. “Ez”, bi neskak aho batez. Mutikoak alde batera eta bestera astindu zuen burua. Jauzika ari zen, lauza beltzak ez zapaltzera jolasten. Lanpetuegi aitatxori jaramon handirik egiteko. “Zoazte komunera, bidaia luzea da-eta”, esan zuen gizonak. Bere ahotsak ez zuen jada tonu alairik. Emazteak jakin-minez begiratu zion. Gizonak begiak itxi eta eskua dardarka hasi zitzaion. Ezin sumatuzko dardara zen hasieran, baina berehala autoko giltzarekin marmolezko barra kolpatzen hasi zen etengabe. Txilin-hotsarekin ere haurrek jostetan jarraitu zuten. Hirurak ari ziren orain baldosa beltzen artean saltoka. “Zoazte bada komunera!”, orro egin zuen aitak.

 

Jauzi egiteari utzi zioten haurrek. Mutikoak lauza beltz baten gainean zuen oina. Aitari begira zegoen, adi-adi. Emaztea ere begira zuen gizonak. Isiltasuna. Barraren bestaldean, zerbitzariak eztula egin zuen kafesneak eta irabiakiak barran jartzen zituen bitartean. Amak apurtu zuen uneko tentsioa: “Tira, goazen komunera. Aitatxok arrazoi du”. Haurrak hartu eta komuneko atearen atzean galdu ziren laurak. Mutiko txikiaren intziriak entzun zitezkeen ni eserita nengoen tokitik. Gizona dardarka ari zen oraindik. Ilea bekokitik aldendu eta zerbitzariarengana abiatu zen, urduri. Kafesne katilua eskuan. Zerbitzariari zer edo zer xuxurlatu zion belarrira. Honek buruarekin baietz, eta koñak botila hartu zuen atzealdeko apalategitik. Zorrotada naroa bota zion gorbatadunaren kafesneari. Gizonak katilua hartu eta ahoratu egin zuen, baina ez zuen irensterik izan. Nire begiradak eten zion zurruta. Burua jaitsi nuen, koilaratxoari eraginez eta nire edalontzian gelditzen zen kafea irabiatuz. Berak buelta eman eta trago bakarrez edan zuen “carajilloa”. Eztul egin zuen; bi, hiru, lau eta bost aldiz. Hasperen sakona ondoren, infernuko haizeek eztarria larrutzen ziotela nabaritzeko modukoa.

 

Haurrak eta emaztea itzuli zirenerako, egunkaria irakurtzen ari zen. Irribarretsu zegoen, umore onez. Emaztea ez. Emaztea serio demonio oraindik. Senarrak musu eman zion masailean, baina honek ez zuen zirkinik ere egin. “Bagoaz?”, gizonak. Emakumeak baietz buruarekin. Hogei euroko billetea barraren gainean utzi zuen gorbatadunak. Jada ez zuen dardararik.

Akaso nire irudimena izanen zen, baina emakumearen begi ertzetik behera malko bat irristan ikusi nuela esanen nuke.

 

Hamabiak eta hogeita bost. Jakesekin ahaztua nengoen. Nire aldamenean zeuden lau katiluei so gelditu nintzen istant batez. Kafe-hondar epelak irabiatzeaz aspertuta nengoen. Beste aukera bat emango niola zin egina nion neure buruari, baina… ze demontre. Zerbitzariari kontua eskatu nion.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!