Iritzia: Zaletasunak, lagunak eta bikoteak

Euskalerria Irratia 2001ko aza. 30a, 01:00

Anuska

Pentsatzen egon naiz zein kuriosoa den adiskidetasunak nola sortzen diren. Bizitzak arrazoi edo egoera oso ezberdinengatik ematen dizkigu, joan eta etortzen dira. Nik hemen jende askori buruz hitz egiten dut eta guztiak lagunak konsideratzen ditut, nahiz eta batzuekin askotan ez naizen egoten, beste horrenbeste arrazoiengatik. Miren, adibidez, nire lagun baten neskalaguna zelako nire laguna bihurtu zen, eta gero, utzi zutenean, harremana dezente hoztu zen, baina ez maitasun faltagatik, aukera faltagatik baizik.

            Duela astebete elkartzea erabaki genuen, batak bestearen berri izateko. Gauza askotaz hitz egin genuen, gure gaur eguneko bikotekideetaz barne, eta, hemen, bitxiena dena: egunean jarri eta berehala, denbora gehiena liburuak eta filmak komentatzen eman genuen, aspaldian egiten genuen bezalaxe. Kontua da biok zaletasun horiek partekatu ditugula beti. Elkar ezagutu genuenean, nire lagunak, bere orduko bikotekidea zenak askotan esaten zigun kultureta hutsak ginela eta bera baztertuta sentitzen zela hainbeste erreferentziren artean. Ondo gogoratzen dut. Baina ezin genuen besterik egin, trukatze horren gose ginen, eta konturatu gabe, hau eta hura komentatzen jartzen ginen edozein aitzakiarekin.

            Orain, urteak pasata, berriro elkartu garenean, berdin berdin jarraitzen dugula ematen du, eta pozgarria izan da elkarrekiko interesa ez dela galdu ikustea. Arratsaldea motz geratu zitzaigun.

Zaletasunak konpartitzea lagunak aurkitzeko oso bide zuzena, polita eta aberasgarria da, eta aurkituz haratago, mantentzeko ezin formularik onena. Gero, gai pertsonalak, izaerak eta beste. Jakina da bikotekidea aukeratzerakoan, adibidez,  horiek duten pisua. Mirenen kasuan, deigarria egin zitzaidan bere mutilari irakurtzen ez gustatzea. Zinemara ere, kostata eramaten du, eta ez beti Mirenek gustokoen dituen filmak ikustera. Futbol eta parrandazale porrokatu horietakoa da.

            -Zu ere, berarekin partiduetara joango zara orduan... -galdetu nion. Eta berak:

            -Bai zera, ezta pentsatu ere. Lagunekin joaten da.

            Ez nuen Miren horrelako mutil batekin ikusten, ez nuen ulertzen. Baina berak nolakoa zen eta zergatik berarekin zegoen azaldu zidan. Bere alde on guztiek ederki orekatzen zuten beste gaietan berarekin zuen konplizitate falta. Eta elkarrekin egiten ez zutena, norberaren lagunekin betetzen zuten. Zentzuzkoa eta osasuntsua, ikuspuntu orotik.

            Egia esateko, Mirenek nirekin pasatutako arratsalde horri probetxua erruz atera zion, mutilarekin hitz egiten ez zuen gaietaz nirekin egiten. Eta baita nik ere. Gure arratsaldea zen, gurea eta guretzako, eta gustokoena egiten pasatu genuen: izenburuak aholkatzen, inpresioak trukatzen...

            Gero, bakoitza bere etxera, bere maitetxoarekin. Eta ziur nago Miren alai eta maitekorra egongo zela berearekin, ni nirearekin egongo nintzen bezala

            Esan ohi da lagunak mantendu behar direla bikotekidea galtzen baduzu ez bakarrik gelditzeko. Ni haratago joango naiz: lagunak zaindu behar dira bikotekidea mantendu nahi bada. Horra lagunengandik jaso daiteken beste etekinetako bat.

 [audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/02/anuska.mp3]

 Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!