Euskara ardatz hartuko duen etorkizun berdinzalearen alde, ‘Geroa euskaratik’ kanpaina abiatu du Kontseiluak

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 26a, 11:23
  • “Gizarte berdinzale eta demokratikoagoa” eraikitzeko, euskarak ere erdigunean egon behar duela eskatu du Kontseiluak.
  • Kanpainan herritarrek, gizarte eragileek, erakundeek eta gizarteak oro har parte har dezatela nahi dute.

“Etorkizunera begira erabakiak hartzeko unea da, Covid-19ak sortutako krisiak agerian utzi baitu gizarte honen hainbat hutsune, euskalgintzan nahiz bestelako gizarte esparruetan; herritarren arteko desberdinkeria eta zaurgarrienekiko bazterketa begi bistakoa izan baita”. Kontseiluaren hitzak dira. Covid-19aren krisiak sortutako egoerak euskararen hizkuntza eskubideek jasan dituzten urraketen aurrean, kontseiluak kanpaina bat jarri du martxan, Geroa euskaratik. Elkar hartuz, elkar zainduz goiburupean. Kontseiluko bazkideek ez ezik, kanpainan herritarrek, gizarte eragileek, erakundeek eta gizarteak oro har parte har dezatela nahi dute. 

“Normalitatetzat” jotzen dena “denona” ez dela salatu du Kontseiluak: “hizkuntza eskubideen etengabeko urraketek agerian utzi dute hori”. Horregatik, egungo unea “normalitate berri baterantz jotzeko abagunea” dela nabarmendu du,  “elkartasunetik eta gizarteko talde desberdinen begirunetik”. Baita hizkuntza auziei dagokionez ere. Hala, euskararen normalizazioak bestelako gizarte normalizazio bat bultzatu dezakeela nabarmendu du Kontseiluak: “eskubide guztiekiko begirunea, gizarte kohesioa, gertutasuna eta konpromiso kolektiboa” oinarri duena. “Hau da, euskara ardatz duen gizarte bat, gizarte berdinzale eta demokratikoago bat izango dela adierazteko; inoiz baino beharrezkoagoa duguna”, Kontseiluaren hitzetan.

Herritar nahiz bestelako eragileei ere dei egiten die kanpainan parte har dezaten. Norbere esparru eta esperientziatik, geroa euskaratik zergatik eraiki behar den azaltzeko aukera eskaini die.

Bost argudio geroa euskaratik eraikitzeko. “Geroa euskaratik ardaztu behar dugula diogunean, gizarte osoaren onuraz ari garela azpimarratu nahi dugu”.

Herritarren eta eragileen ahotsa entzutea inoiz baino garrantzitsuagoa ikusten du Kontseiluak. Horregatik, horiei guztiei leku egin nahi die kanpainarekin, eta herritar, eragile nahiz bestelako norbanako zein taldeei galdera honi erantzuteko gonbita luzatu die: “Zergatik geroa euskaratik?”

Kanpainaren urratsak

Kontseiluko bazkideak izango dira galderari erantzuten lehenak. Bideo laburrak osatu dituzte horretarako, eta sarean tantaka plazaratuko dira. Bazkideen artean daude Elhuyar, Topagunea, EHE, Ikastolen Elkartea, Sortzen, EHIGE, UEU, Bertsozale elkartea, Emun, Elkar, Jakin, Osasungintza Euskalduntzeko Erakundea, AEK, IKA, Berria… Era berean, gizarteko aurpegi ezagunek ere parte hartuko dute kanpainan, esparru anitzekoak. Horiek ere tartekatuz plazaratuko ditu Kontseiluak egunez egun sarean.

Honekin batera, herritarrek eta bestelako erakundeek —euskalgintzakoak nahiz bestelakoek— beste hainbeste egin dezaten nahi du Kontseiluak. Bideo bidez nahiz idatziz sare sozialetan partekatzeko gonbita luzatu nahi die Kontseiluak. Mezu horietan #geroaeuskaratik traola agertzea edota Kontseilua etiketatzea eskatu dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!