Koronabirus kasu berri bat baieztatu dute Nafarroan, bigarrena

Euskalerria Irratia 2020ko mar. 2a, 13:55
Lehen koronabirus kasuaren berri emateko prentsaurrekoa. Irudia: Nafarroako Gobernua.

ZIUn dagoen gaixoaren senidea da. Emakumeari dagokionez, B gripea ere baduela jakinarazi dute.    

Nafarroan bigarren koronabirus kasua atzeman dutela jakinarazi du Nafarroako Gobernuko Osasun Sailak: 34 urteko gizon bat da, larri dagoen 39 urteko emakumearen senidea, eta egonkor dago. Urgentzietako protokoloa aplikatuta, isolamenduan dago. 

ZIUn dagoen emakumeari dagokionez, larri baino egonkor dagoela jakinarazi dute. Oraindik ezin da zehaztu non kutsatu zen emakumea, baina, Aurelio Barricarte Gaixotasun Kutsakorren Ataleko buruak jakinarazi duenez, B gripea ere baduela baieztatu dute, eta, litekeena da haren larritasun egoera birus bat baino gehiago edukitzearen ondorio izatea.

Pazientearekin harremana duen eta Belgikara bidaiatu zuen pertsona batek ere positibo eman du; baina Araban bizi da, eta han tratatzen ari dira. Kasu honetan, ondo dago. Carlos Artundo Osasun zuzendari nagusiak azaldu duenez, Nafarroan 46 lagun aztertu dituzte momentuz, eta horietatik, aipatutako hiru kasuek eman dute positibo.

Bai Artundok eta bai Barricartek lasaitasun mezua helarazi nahi izan dute. Esan dute ezin dela “fribolo” izan gaiarekin, baina ezta “katastrofe” batean gaudela pentsatu ere. Honen antzeko krisiak izan direla gogorarazi dute; esaterako, 2009ko A gripearena.

Zalantzetarako telefonoa

Eta nora jo zalantzarik izanez gero? Arrisku gunetan egon izan ezean, baina zalantzaren bat edukitzekotan, ez dago ospitalera joan beharrik; horretarako, 948-290-290 telefono zenbakia dago. Eta arrisku guneetan egon eta sintomak izanez gero, orduan bai etxean geratzeko eskatu dute; 112ra deitu beharra dago, osasun laguntzaileak etxera joango dira, froga bat egin, eta positibo emanez gero, gaixoa tratatu egingo dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!