Dena prest Tuterako Nafarroa Oinezerako

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 16a, 13:43

Lau kilometroko ibilbidea, 4 area, 1.500 boluntario, agertokiak, tabernak. Dena prest dago. Igandekoa Erriberan euskeraren alde egiten den festarik handiena izatea nahi dute. 

2019ko Nafarroa Oinezak, Rrriberan euskararen alde egiten den lana txalotu nahi du. Horregatik, igandean, ibilbidearen irekiera ekitaldian, Errigora egitasmoa eta Dani Lopez euskaltzalea tuterarra omenduko dituzte.

Iaz hasi zen erronka handiarekin jarraitzen du antolakuntzak; Nafarroa Oinez gero eta inklusiboagoa egitea, hain zuzen ere. Horrela, ibilbidea prestatzerakoan ez ezik, panelak eta jarraibideen seinaleak jartzerakoan ere, behar bereziak dituzten pertsonak izan dituzte gogoan.


Eskaintza gastronomikoaren barruan zeliakoentzat nahiz beganoentzat menu bereziak izango dira. Neurri horiek guztiak aurrera eramateko, CERMINen laguntza eta aholkularitza izan dute (Nafarroako Ezintasuna duten Pertsonen Ordezkarien Komitea), eta, zehazki, EUNATE eta ONCE erakundeekin eta, herri mailan, AMIMET erakundearekin, eta nolabaiteko ezintasunen bat edo zailtasun funtzionala duten pertsona partikularrekin.

Lau guneetan, egun osoan zehar, mota askotako jarduerak egongo dira, adin guztietako jendeari begira prestatuak: kontzertuak, herri kirolak, pailazoak, magoak, haurrentzako tailerrak, puzgarriak…

Aurten, berriro ere, 11 ikastolatako 13 eta 16 urte bitarteko ikasleek hartuko dute parte Erronkan. Lau probatan lehiatuko dira, eta proba horietan erakutsi beharko dituzte euren abilezia, indarra, azkartasuna, euskararen ezagutza… Ekimen horren helburua da, jarduera fisikoaren bidez, gazteei beste aisialdi eredu bat eskaintzea eta ikastolen artean harremanak sustatzea.

Trafikoa
Nafarroa, Gipuzkoa eta Iparraldetik datozen autoentzat eta autobusentzat sarbidea AP-15etik izango da, eta 6. irteeran elkartuko dira A-68arekin. Bizkaitik eta Arabatik datozenak AP-68tik iritsiko dira eta 18. irteeran hartuko dute A-68a. Aparkaleku bereziak prestatu dituze aurreko egunetan jada 500 autokarabana espero baitituzte Tutera inguruan.

Tuteratik ibilbidera joatea errazteko, autobus geltokitik autobusak egongo dira. 
Trafiko plana prestatzerakoan, herrialde bakoitzetik datozen ibilgailuak zirkuitura ahalik eta azkarren eta errazen sartzeko modua bilatu da.

Tutera eta ibilbidearen artean bi autobus ibiliko dira joan-etorrian.

Nafarroa Oinez app-a
IKASJAI aplikazioa aipatu dute antolatzaileek. Teknologia berriei esker, aisialdia eta kultura uztartzen diten eta Euskaltelek babesten duen aplikazioa, hain zuzen ere.
Modu erraz batean erabil daiteke. Behin Nafarroa Oinez ibilbidean geolokalizatuta, aplikazioa jaitsi eta arauak segi (aurreko ikastolen jai batena instalatuta badago, hori ezabatu eta berria berriz jaitsi).

Nafarroa Oinez jaiaren gunez guneko informazioa eskura izateko baliagarria da eta, horretaz gain, sariak irabazteko balio du. Aplikazioak lekuarekin lotutako eta lekuan ezagunak diren pertsonen inguruko galderak egingo ditu. Galdera guztiak erantzuteko, ibilbide osoa egin behar da. Ongi erantzuten den galdera bakoitzarengatik puntuak jasoko dira eta puntu horien truke sariak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!