Gobernuak bat egin du Hizkuntzen Europako Egunarekin “Zer doinu du Nafarroak?” kanpainaren bitartez

Euskalerria Irratia 2019ko ira. 13a, 07:34

Hizkuntza-aniztasuna, eleaniztasuna eta hizkuntza ezberdinak jakitearen garrantzia azpimarratu nahi ditu.

Nafarroako Gobernuak aurten Hizkuntzen Europako Egunarekin bat egitea erabaki du “Zer doinu du Nafarroak?” kanpainaren bitartez, hizkuntza-aniztasunari eta hizkuntzak jakiteari garrantzia ematearren, aniztasun honek duen balioa eta hizkuntzak jakitearen garrantzia azpimarratuaz, gizarteari kaleetan zenbat hizkuntza hitz egiten diren ohartarazte aldera.

Kanpaina gaur jarri da abian Iruñean informazioa emateko standarekin, eta Nafarroako beste bost herritan izango da irailean zehar: Leitza (irailak 13), Otsagabia (irailak 16), Zangoza (irailak 18), Lizarra (irailak 19) eta Tutera (irailak 21). Kaleko ekintza horiez gain, kanpaina irratian, telebista autonomikoan, prentsa idatzian eta sare sozialetan zabalduko da.

Iruñeko ekitaldian izan da Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria den Ana Ollo. Kontseilariak gizarte nafar anitz eta pluralak duen balioa babestu nahi izan du, baita ere hizkuntza alorrean. Herritarrek ere, munduko eta Nafarroako eleaniztasunari eta hizkuntza-aniztasunari buruzko datuak ezagutu ahal izan dituzte informazioa emateko panel ezberdinen bitartez.

Gainera, kale-ekintza horietan, herritarrekiko elkarreragina lortzeko ahalegina egingo da, haien gustuko hitzak, esaerak edo esamoldeak eman ditzaten hitz egiten duten hizkuntzan. Grabazio horiek oinarri moduan ibiliko dira kanpainaren bideo nagusia egiteko nahiz audiorako; hizkuntzen soinu-banda egingo du Xabier Erkizia soinu artistak, kalean bertan grabatutako pertsonen ahotsak erabiliaz ahotsen harmonia osatuko baitu Nafarroan hitz egiten diren hizkuntza ezberdinetan.

Hizkuntzen Europako Eguna

Hizkuntzen Europako Eguna 2001. urtean sortu zuten Europako Batzordearen eta Europako Kontseiluaren ekimenez, eta 47 herrialdetako 800 milioi pertsona ordezkatzen ditu. Urteurren horretan, irailaren 26an, kontinente bateko hizkuntza-aniztasuna ospatzen da, hots, Europakoa, 200 hizkuntza propio baino gehiagorekin.

Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bitartez, ekimen horrekin bat egingo du, eta herritar guztiei gonbita luzatzen die hizkuntzen eta kulturen aniztasunaren ospakizunean parte hartzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!