Abian dira hezkuntzan 2019-20 ikasturtean euskara sustatzeko programak

Izen-ematea irailaren 9tik 20ra bitartean egongo da zabalik.

Nafarroako Hezkuntza Departamentuko Euskara Atalak 2019-20 ikasturterako hainbat heziketa programa jarriko ditu martxan irailean, mintzamena, irakurmena, eta euskal kulturaren transmisioa D, B eta A ereduetako ikasleen artean sustatzeko asmoz. Programa horietan izena emateko epea irailaren 9an zabalduko da eta hilaren 20a bitartean izango da zabalik.

Berrikuntzen artean, 2019-20 ikasturtean Euskara Bizitzeko Egonaldietan parte hartzeko deialdi bakarra egongo da, irailean, eta txanda guztiak (udazkenekoak nahiz udaberrikoak) irailaren bukaeran esleituko dira. Ikastetxeei ikasturtearen antolakuntza errazte aldera egin da aldaketa.

Gainera, ikasturte honetan artistak ikasgeletara gerturatzeko “Musikariak ikastetxeetan”, ahozkotasuna bultzatzeko “Solaskide”, irakurzaletasuna sustatzeko “Liburuak gozagarri” eta “Zinema euskaraz” programak mantenduko dira.

Musikariak ikastetxeetan

Programaren helburua da euskal musika geletara eramatea, euskal kulturarekin lotura egin eta transmisioa indartzeko. Horretarako, giro eta estilo guztietako musikariek sortze prozesua esplikatuko dute ikasleen aurrean, eta euskal kantagintzaren ibilbidea eta gaur egungo errealitatearen azalpen laburra ere eskainiko dute. Halaber, hainbat kanta joko dituzte zuzenean.

2019-20 ikasturtean, 191 saio aurreikusita daude Nafarroa osoko DBHko eta Batxilergoko institutuetan, A eta D ereduetan. Musikariak estilo guztietakoak dira, ibilbide luzekoak zein hasberriak: rock, folk, pop, rap… Haien artean, emakume kantari eta sortzaile kopuru esanguratsua dago.

Helburua da programak pedagogikoki aberatsak izatea, eta XXI. mendeko euskal musikagintzaren gaineko hainbat unitate didaktiko prestatu dira, irakasleek ere etekina atera diezaieten saioei. Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroak (EIBZ) osatu ditu unitate horiek, programaz arduratuko den enpresarekin lankidetzan.

Euskaraz Bizitzeko Egonaldiak

Hezkuntza Departamentuak 1.050 toki eskainiko ditu 2019-20 ikasturtean “Euskaraz bizitzeko egonaldiak” hizkuntza programan parte hartzeko. Nafarroako ikastetxeetako A, B eta D ereduetan Lehen Hezkuntzako 3. ikasmailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4.era arte eskolatutako ikasleentzat da eskaintza. Eskaera egiteko epea berriro irekiko dugu irailaren 9tik 20ra bitartean eta irailaren bukaerarako esleituko ditugu ikasturte osoko txandak. Egonaldiak bi garaitan egiten dira: udazkenean (urritik abendura bitarte) eta udaberrian (otsailetik maiatzera bitarte). Aurreko ikasturteetan bi deialdi egiten ziren programan parte hartzeko eskaerak egiteko. 2019-20 ikasturteko txandak eskatzeko, berriz, iraileko epea besterik ez da izango.

Programaren bidez, ikasleek bost edo hiru eguneko egonaldiak egingo dituzte Arantzako Aterpe eta Beintza-Labaiengo Orbela aterpeetan, Nafarroan euskal hiztunak nagusi diren bi herrietan, alegia. Hizkuntza murgiltze programa denez, esperientziak erakutsi digu bost eguneko egonaldiak hirukoak baino eraginkorragoak direla. Hori dela eta, lehentasuna izango dute bost eguneko egonaldiak egiteko eskaerek.

2018-19 ikasturtean Nafarroako A eta D ereduetako 904 ikaslek eta 60 irakaslek parte hartu zuten Euskaraz Bizitzeko Egonaldietan. Parte-hartzaileen balorazioa bikaina izan zen (batez besteko ebaluazioa 9koa izan zen); hezitzaileen eta aterpetxeetako langileen tratua eta hurbiltasuna izan zen irakasleek gehien baloratu zutena.

Heziketa programaren helburua da ikasleen komunikazio gaitasunak handitzea, bereziki elkarreragin linguistikoa eta ahozko ulermena eta adierazpena, erabileraren testuinguru naturaleko jardueren bitartez. Inguru euskaldunean, beraz, ikasleei aukera eskaini nahi zaie euskaraz mintzatzeko, eta ikasgelatik kanpo ere hizkuntza erabiltzeko jatorrizko hiztunekin, testuinguru naturaletan.

Solaskide

Euskarazko mintzamena indartzeko hezkuntza programa da Solaskide. Bigarren Hezkuntzako A, B eta D ereduetako ikasleei zuzendua dago. Ahozkotasuna talde txikiagotan landu ahal izateko, ikastaldea bikoiztu egiten da; irakasle solaskidea talde erdiarekin aritzen da, beste erdia ikastetxeko euskara irakaslearekin gelditzen den bitartean. Urritik abendura bitarte zortzina saio eskainiko dira (astean bat). Batxilergoko 1. mailako eta DBHko 3. eta 4. mailetako euskara irakasleek eska dezakete solaskidea. Eskaera egin ahal izateko 12 ikasle edo gehiagoko taldeak izan behar dituzte.

Liburuak gozagarri

Hau da Euskara Atalak duen programa zaharrenetako bat. Euskal idazleen lanak eta bizipenak ikasgelara hurbiltzea eta, bidez batez, ikasleen irakurzaletasuna akuilatzea da programaren xedea. Programa D ereduko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei zuzenduta dago. Idazle bat aukeratu eta gelan haren lanetako bat jorratu ondoren, idazlearen bisita jaso ohi du ikasle taldeak. Aurrez aurreko saio horietan, idazleei sormen prozesuari eta bizitza pertsonalari buruzko galderak egiteko aukera izaten dute ikasleek. Programa Euskal Idazleen Elkarteak kudeatzean du.

Zinema euskaraz

2019-20ko ikasturtearekin batera, halaber, segida emango zaio Euskara Zinema Aretoetara programari. Programaren helburua da Nafarroako ikasleek euskarazko zinemaz gozatzeko aukera izatea eta, horretarako, Hezkuntza Departamentuarekin sinatutako hitzarmenari esker, Tinko Elkarteak hainbat film aukeratzen ditu, bikoizten ditu, eta zinema aretoetara eramaten ditu, propio ikasleentzako prestatutako emanaldien bidez. Iazko azarotik aurtengo ekaina bitarte, guztira 27 zinema emanaldi antolatu dira Nafarroa osoan, eta 2.500 ikusle inguru izan dira. 20 ikastetxek parte hartu dute.

Udazkenean, beste 20 bat emanaldi aurreikusita daude. Horrela, iazko irailetik, 5.000 haur eta gazterengana iritsiko dira filmak euskaraz. Nabarmentzekoa da, iazkoaren aldean, ahalegin berezia egin dela aurten Lizarraldean (Viana, Lodosa) eta Pirinioetan (Erronkari, Zaraitzu) emanaldiak egiteko.