Nafarroa Garaian dira EuskarAbenturako gazteak

Ollo kontseilariak 2019ko EuskarAbenturan parte hartzen duten 121 gazteei harrera egin die, Orreagan.

Jarduneko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok 2019ko EuskarAbentura espedizioan parte hartzen duten 16 eta 17 urte bitarteko gazteri harrera egin die gaur goizean Orreagan. Gazte horiek 25 helduk osatutako lan-taldeak lagunduta jarduera eginen dute.

Espedizio honetako protagonistek Donejakueko bideak jarraituz, 798 kilometro egingo dituzte eta UNESCOko Ondare izendatutako hainbat hiri eta herri bisitatuko dituzte. Halaber, Musikako, dantzako, komunikazioko, kiroleko, soziolinguistikako eta idazketako profesionalek, besteak beste, ordu batzuk partekatuko dituzte parte-hartzaileekin, ezagutzak elkarri trukatzeko.

Gaurtik hasita eta uztailaren 11ra arte Nafarroako leku ezberdinak ezagutuko dituzte, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin EuskarAbenturaren helburuekin bat egiten baitu: Gazte euskaldunen artean euskararen erabilera sustatu eta normalizatu, hauen artean sare bat sortu eta elikatu, zein natura-ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalen transmisioa bermatu.

“EuskarAbenturak esperientzia ugari emanen dizkizue eta taldean biziko zareten egunetan parekidetasuna, bizikidetza, ingurumenarekiko begirunea, eta turismo eredu jasangarria bezalako balioak landuko dituzue, euskara elkarbizitzarako hizkuntza gisa bere aberastasuna bizi eta transmititzearekin batera”, adierazi du Ana Ollok, espedizioko protagonistei egindako harreran.

Bukatzeko, Nafarroan barna ibiliko diren egunetan bizipen “atseginak eta gogobetegarriak” izatea opa izan die, eta gaineratu du, “segi bidean, eta aprobetxatu ibiltzeko, ikasteko, gozatzeko eta gainontzekoekin zein ezagutuko dituzuen inguruekin partekatzeko”.