Nafar Lansareak bioeraikuntza ikastaro bat eginen du Zubirin

Euskalerria Irratia 2018ko api. 25a, 21:49
EZKERRETIK ESKUINERA: Urtzi Arrieta eta Ander Magallón ekintzaileak, NLko zuzendari gerente Paz Fernández, Cederna Garalurreko zuzendari nagusi Ibon Mimentza eta Iñaki Urkia arkitektoa.

Esteribarko bi gazte ekintzailek abiarazi nahi duten hezkuntza eta turismo aktiborako zentro baten eraikin nagusia eraikiko da ikastaldi honetan.

Nafar Lansareak (NL) izena emateko epea ireki du bioeraikuntzari buruzko enplegurako prestakuntza-ikastaro berri baterako. Prestakuntza-ekintza “eginez ikastea” delako metodologian oinarrituta egingo da, eta horri esker, 28 urteko bi ekintzailek Esteribarrea abiarazi nahi duten hezkuntza eta turismo aktiborako zentro baten eraikin nagusia eraikiko da.

Prestakuntzak 482 orduko iraupena izanen du eta Estatuko erreferentziazko irakasleen emanen dute. 20 plaza eskuragarri ditu, guztira, eta ekainaren 1etik irailaren 9ra bitartean eginen da. Ikastaroa eraikuntza arloko esperientzia duten langabeei zuzenduta dago, nagusiki. Honen bitartez, beharrezko ezaguerak jasotzeko aukera eskaini nahi zaie ikasleei, eraikin osoa egiteko gauza izan daitezen, zimenduetatik teilaturaino, betiere bioeraikuntzaren printzipioak aplikatuz. Maiatzaren 16an, informazio hitzaldia eskainiko zaie interesatuta daudenei.

Bi ekimenak, ikastaroa eta “Agotzenea” proiektua, Zubirin aurkeztu dituzte gaur NLko hzuzendari gerente Paz Fernándezek, Urtzi Arrieta Puñal eta Ander Magallón Lusarreta ekintzaileek; Cederna Garalurreko zuzendari gerente Ibon Mimentzak eta Iñaki Urkia arkitektoak.

NLko zuzendari gerente Paz Fernándezek azpimarratu duenez, Nafarroako enplegu-sistemaren (NL eta Cederna Garalur) sareko lanari esker, eskualdearen gaineko inpaktu ekonomikoarekin batera bioeraikuntzaz eta iraunkortasunaz sentsibilizatzen eta prestatzen lagunduko duen ekimen hau sostengatu eta bultzatu ahal izan da.

“Agotzenea” autoenplegu-proiektua Mikrokooperativa Etxeko deritzona eratu duten Zubiriko bi ekintzailek bultzatu dute: Urtzi Arrieta (gizarte-hezitzailea, prestakuntza) eta Ander Magallón (delineatzailea). Nafarroako Pirinioan bioeraikuntza, ekologismoa eta iraunkortasunaren arloko erreferentziazko esparrua eraikitzea dute helburu, eta horren bitartez, hezkuntza arloan “parekorik ez duen esperientzia” eskaini nahi diote, bioeraikuntza, nekazaritza organikoa eta oihanzaintzari (basoen zainketa eta ustiaketa) buruzko ikastaro eta tailerren bitartez, honelako prestakuntzaren inguruan dagoen eskari gero eta handiagoari. Osagarri gisa, proiektuaren arduradunek aisialdi eta turismo arloko jarduerak eskainiko direla iragarri dute, baita ikerketa eta dibulgazioa xede dutenak ere, zentrora inguratzen direnei esperientzia bizi eta bizigarria eskainiz. Eskola-tailer-ostatua 2019ko udaberrian irekitzea aurreikusi dute.

Arrietak eta Magallónek hainbat urte daramatzate bioeraikuntzako tekniketan nahiz material naturalean erabilpenean trebatzeko prestakuntza hartzen. Bizi diren landa-ingurunean alternatibak sortzeko asmoari jarraiki, proiektu honen bitartez, ekonomia zirkularra eta baliabide naturalen ustiapena bultzatu nahi dute.

Sareko lanaren aldeko apustuan, Lastozko Eraikuntzaren Sare Iberiarreko kideak dira. Horrez gain, iraunkortasunari lotutako hainbat ekimenetan parte hartu dute. Adierazi dutenez, horrek egiazko eredu iraunkorrak sortzearen garrantziaz jabetzeko aukera eman die, eta horrexegatik erabaki dute horren alde apustu egitea.

Bioeraikuntza ikastaroa

Bioeraikuntza jatorri naturala duten tokian tokiko materialen erabilpena du oinarri; hala nola, harria, zura, kisua, lastoa eta adobea, eraikinaren zati batzuek material biziak dituztelarik.

2017an, NLak Espainian eskainitako eraikuntza-modalitate honi buruzko lehen ikastaroa bultzatu zuen, Lizason barraskilo itxurako eraikin bat sortuz. Hura izan zen Enplegurako Lanbide Heziketako Sistemaren barruan antolatutako lehendabiziko bioeraikuntza ikastaroa.

NLren menpeko CENIFER zentroak, energia berriztagarriei buruzko prestakuntzarako estatuko erreferentziak, ikastaro pilotutzat bultzatu zuen, SEPEk (Estatuko Enplegu-Zerbitzu Publikoa) enplegurako prestakuntzaren katalogoan sar zezan. Estatuko erakundeak ontzat jo du, eta ondorioz, prestakuntza hori “espezialitate esperimentala” deritzon kategoriaren barruan jaso daiteke, Katalogoan behin-betiko txertatu baino lehen. Agotzeneko ikastaroak ikasgaien zerrenda eguneratzea ahalbidetuko du, modulu nahiz eduki berriak gaineratuz. Zehazkiago esanda, hiru horma mota eraikitzeko trebakuntza emanen da (iaz bat baizik ez), baita zoruei eta zoru jarraituei buruzko prestakuntza (iaz ez zen eman), biztinezko eta karezko entokadurak, eta berokuntzari buruzko modulu bat ere.

Bioeraikuntzan espezializatuta dagoen Iñaki Urkia arkitektoaren zuzendaritzapean, zentroko ikasleek Agotzenea taxutzeari ekingo diote. Prestakuntza aldian, egongela, sukalde-jantokia eta logelak dituen eraikin nagusia eraikiko da.

Eraikinak 400 metro koadro inguruko azalera hartuko du, eta gainean duen teilatu biziari esker, larre kopuru berbera itzuliko dio naturari, ezdeusaren hurrengo kaltea eraginez.

Iraunkortasunaren arloko erreferentzia

Agotzenea Leranotzerako errepideko 1. kilometroan kokatuta dago, Zubiriko udalerrian, Murelu mendiaren azpian. Sortzaileentzat, Agotzeneak berezko eginkizun didaktikoa du, ingurune naturalaren barruan duen kokapenagatik nahiz bertan antolatuko diren jarduerengatik.

Gogoan darabiltzan proiektuen artean, erdialdean kokatuko den zerbitzugunea nabarmen daiteke, baita tailerrak eta bestelako ekitaldiak antolatzeko esparru gardena ere, baratz hezitzaile eta produktiboa, etxeko animalientzako esparrua eta hondakinak kudeatzeko gunea, energia berriztagarrien parkea, aparkalekua, eta basoaren ingurune naturalean ostatu hartzeko aukera eskainiko duten 20 eta 30 metro koadro bitarteko sei etxola. Hori guztia material naturalak eta ingurumenarekiko errespetuari eusten dioten teknikak erabiliz eginen da.

Proiektuaren buruan, Agotzeneak hiru partzela izanen ditu Esteribarren, 27.000 metro koadroko guztizko azalerarekin; horietatik, 11.098,74 metro koadro larreak dira eta 15.880,27 metro koadro basoak. Arrietak eta Magallónek ikasleekin nahiz intereseko beste talde batzuekin antolatutako bisitak kudetatzeko aukera ere emanen dute, eta beharrezkoa balitz, esparrua oso-osorik alokatu ahalko da jardunaldiak, hitzaldiak edo topaketak antolatzeko.

2017an, Cederna Garalurren eskualde-garapenerako agentziak, NLak diruz lagundutako jardueren bitartez, Nafarroako Gobernuak eta Europar Batasuneko FEDER funtsek kofinantzaturiko 2014-2020ko TGPEko bigarren deialdian sar daitekeen proiektu hau abian jartzeko aholkularitza eta akonpainamendua eskaini ditu. Laguntzei buruzko ebazpena datozen asteotan emanen da ezagutzera. Ibon Mimentzak ideia “berritzaile” honek Esteribarrentzat nahiz Nafarroa osoarentzat izanen duen inpaktua azpimarratu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!