Erronkariko zeru izartsuak ‘Starlight Helmuga Turistiko’ ziurtagiria lortu du FITUR azokan

Euskalerria Irratia 2018ko urt. 18a, 19:50
Ayerdi Lehen lehendakariordea eta Tomás Pasquel, Erronkari Haraneko Batzorde Orokorreko lehendakaria 'Starlight Helmuga' ziurtagiriarekin.

Azokako bigarren egunean, Santiago bidearen irigarritasuna eta Iruñeko Udalaren plan estrategikoa hartu dituzte hizpide. ‘Pamplona-Iruña Card’ turismo txartela aurkeztu dute.

Erronkari Haraneko Batzorde Orokorreko lehendakari den Tomás Pasquelek jaso du ‘Starlight Helmuga’ ziurtagiria, izen berbera daraman Fundazioak ematen duena eta izarrak begiesteko tokirik egokienak saritzen dituena, ‘Pirineos La Nuit’ proiektu mugakidearen baitan. Garapen Ekonomikorako lehendakariorde den Manu Ayerdi izan da Pasquelekin batera saria jasotzen.

‘Pirineos La Nuit’ izenburupean aurkeztu da ostegun honetan FITURen gau-ingurunearen kalitatearen babesa eta hobekuntza helburu duen proiektua, Pirinioetako gauek duten iluntasun naturalari lotuta. Europako INTERREG/POCTEFA Funtsek finantzatutako proiektua da. Pirinioetako hiru espaziotako zeru izartsuaren kalitatearen nazioarteko ziurtagiria lortzea da ‘Pirineos La Nuit’ proiektuaren helburuetako bat: Montsec ingurua batetik (Lleida), Bigorreko Pic du Midi ingurua bestetik, eta Erronkari harana hirugarren.

Fundazioko zuzendari den Luis Martínezek entregatutako diplomak Erronkari harana izarrak begiesteko Pirinioetako tokirik onenentzat jotzen du eta turistikoki modu jasangarrian ustia daitekeen baliabide baten existentzia ziurtatzen du. Natura-balio bereziko espazio-izaera horren ondorioz, gainera, argiztatze-estrategia bereziki errespetuzkoak hartu beharko dira gauetan.

Erronkariko Batzordeko lehendakariak diploma jasotzeko egindako harreran bere poza agertu du Manu Ayerdik, "gure Foru Komunitatean lurralde baten eta bertako eragile publiko eta pribatuen arteko elkarlanaren esfortzuak nolako fruituak ematen dituen ikusteko aukera izanagatik, Erronkari haranean, eta Iruñeko Planetarioa bezalako zientzia-, ezagutza- eta teknologia-zentro baten arrakastaren testigu izatearren".

Ziurtagiri koherente bat

Ziurtagiriak Nafarroako estrategiarekin duen koherentzia nabarmendu nahi izan du Ayerdik, turismoan, industrian, zientzian eta kooperazioan zenbait diziplina integratzerako orduan: "baliabide natural bat produktu turistiko bilakatzen du errespetuzko moduan; aspektu normatiboei heltzeko aukera ematen du, argiztatze artifiziala arrazionalizatuz eta tokiko erakundeekin kolaboratuz; ‘Pirineos la Nuit’ proiektua finantzatzen duten funts komunitarioek eta ziurtagiriak berak ekosistemak aztertzeko bidea ematen dute, eta baita praktika egokiak entseatzeko bidea ere, jasangarritasunaren bidean; izaera desberdineko erakundeen elkarlana eskatzen dute, administrazio desberdinetatik hasita ezagutza-zentroetaraino".

NICDO - Iruñeko Planetarioak gidatuta, Espainiako eta Frantziako sei erakunderen babesa ere jasotzen du gainera ‘Pirineos la Nuit’ proiektuak. Aurkezpenean izan dira Javier Lacunza NICDOko gerentea eta Fernando Jauregi Iruñeko Planetarioko Produkzio eta Pedagogiako arduraduna.

 

 

Bide irisgarria

Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako lehendakariorde den Manu Ayerdik, gainera, ‘Santiago bide irisgarria denontzat’ proiektuaren aurkezpenean ere parte hartu du, PREDIF plataformarekin batera. Desgaitasun fisikoak dauzkaten pertsonen plataforma ordezkagarria da PREDIF Espainia mailan.

PREDIF plataformak gauzatutako lanaren helburuetako bat izan da Santiago bide frantsesak Nafarroatik igarotzen denean dauzkan etapa desberdinen irisgarritasunari buruzko informazioa ematea, eta baita bertako baliabide turistikoen berri eta jan edo lo egiteko establezimenduen berri ere ematea. Modu horretan, erraztu egiten zaizkie bidaia planifikatzeko beharrezko datu guztiak desgaitasunen bat duten pertsonei edo beste irisgarritasun-behar batzuk dauzkatenei. Hala, irisgarritasunean adituak diren teknikoek zazpi etapak ibili dituzte oso-osorik eta 68 establezimendu eta baliabide turistiko bisitatu dituzte.

Aztertutako zati, produktu edo baliabide turistiko bakoitzak bere irisgarritasun fisiko, bisual eta entzunezkoaren mailari buruzko deskribapen zehatza dakar eskaintzen dituen egonaldi eta zerbitzu bakoitzean, eta bere kokapenari eta inguruari buruzko informazio orokor labur bat ere ematen da.

Santiago bideak eta bidearen Nafarroako lau zatiek FITUR 2018 azokako stand nafarrean duten protagonismoaren baitan, ibilbide hori egiteko modu desberdinak azpimarratu nahi izan ditu Ayerdi Lehen lehendakariordeak: oinez, bizikletan, zaldiz edo ibilgailuetan: "aukera guztiak dira onak. Garrantzitsuena ez da Santiago bidea nola egiten den, berau gozatzea baizik. Eta nork goza dezakeen galdetu nahi diot nire buruari. Bidearen irisgarritasunaz hitz egin behar dugu". Ildo horretan, PREDIFen proiektua nabarmendu nahi izan du Lehen lehendakariordeak, jada eskuragarri dagoena webgunean eta aplikazioan, eta laster Nafarroako turismoaren webgunearekin lotuko dena.

Lizarrerriko xarmak

Aipatu aurkezpenen aurretik, jarduera turistikoko proposamen sendoak egin dituzte bai Lizarrak eta bai Iruñak.

Ega ibaiko hiriak arkeologia-lanak erakutsi ditu FITUReko erakustokian, Lizarrako aljamako harresia, eta, zehazki, judutegiko sarbideak berreskuratzeko abiatu direnak. Gainera, berreskuratze-proiektuaren osagarri gisa, gazteentzako nazioarteko auzolandegi bat antolatuko da udan zehar, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean, Lizarrako judutegi zaharrean ardaztuta.

Lizarrerriko Turismo Partzuergoak, bere aldetik, ‘BTT erronka, 2200 km kontraste – Tierra Estella/Lizarraldea’ proiektua aurkeztu du, eskualdean barnako BTTentzako bide-sare bat proposatzen duena, zailtasun-mailaren arabera klasifikatua.

Iruñeko Turismoko Plan Estrategikoa

Iruñeko Udaletxeak hiriburu nafarrerako Plan Estrategikoaren berri eman du gaur goizean. Nafarroako hiriburuko Udaletxeak, gainera, ‘Pamplona-Iruña Card’ turismo-agenda berria aurkeztu du FITURen, hirian egingo diren jarduera guztiak bisitariei helarazteko.

Txartelak 7 egunetako balioa izango du, hiriko turismo- eta aisialdi-zerbitzuak bilduko ditu eta deskontuak eta abantailak eskainiko ditu erakusketetan, museoetan, ekitaldietan, saltokietan, bisita gidatuetan eta beste zerbitzu batzuetan edo garraioan. Euro bateko prezioa izango du eta Iruñeko Turismo Bulegoan eta berariaz produktu honentzako prestatuko den webgune batean eskatu ahal izango da.

Bestalde, hiriko azpiegitura turistikoen eta kulturalen irisgarritasuna hobetzeko Iruñak egindako apustuaren berri ere eman da. Hala, ikusmen-, entzumen- edo kognizio-desgaitasunen bat duten pertsonentzako guztiz moldatuta dauden ibilbideak dauzka Pamplona-Iruña aplikazio turistiko berriak, Iruñeko harresietatik eta Santiago bidetik barnako ibilbide bat ere jasotzen duelarik.

Ildo berean, Santiago Bidearen Interpretazio Zentroak bere ateak 2018an irekiko dituela eman dute ezagutzera Iruñeko Udaletxeko ordezkariek, eta ‘Ultreia’ izena izatera pasako dela adierazi dute. Guztiz irisgarria izango den kultura- eta turismo-zentro bat da, Jacako Udaletxearen eta Communauté d’Agglomeration Pays Basque-ren elkarlanetik sortu dena.

Iruñeko turismo-baliabideen artean Planetarioa ere badago, 2018an bere XXV. urteurrena ospatuko duena, jardueraz, hitzaldiz eta erakusketaz betetako programa zabal bat eskainiz. Urteurren horretarako proposamenik nabarmenetariko bat izango da ‘Galaxiako Lorategiari’ buruzko ekoizpen propioko fulldome programa baten estreinaldia. Instalazioak, gainera, Tornamira proiekzio-salaren sistema berri bat izango du, unibertsoa are argiago erakusteko, murgiltze-sistema (fulldome) are osatuago eta modernoago batekin.

Nafarroarik monumentalena Erriberrin eta Tuteran

Bi aurkezpen gehiago izango dira arratsaldean standean, Foru Komunitateko arte- eta monumentu-balio handia erakutsiko dutenak. Lehenik, Erriberriko Udaletxeak, Erdi Aroko hiribilduan zeharreko ibilbide turistiko bat aurkeztuko du, Errege Jauregirako bisitatik haratago doana, eta beste 16 puntu nabarmen gerturatu dizkio bisitariari, Erdi Aroko Galeriak, Radako Markesaren Etxea, San Pedro eta Santa María elizak edo Teobaldo plaza kasu.

Erriberriren ondoren, Tuterako Katedraleko Judizioaren Portadaren zaharberritzeari buruzko xehetasun guztiak ezagutzeko txanda izango da. Iberiar Penintsulako eskultura gotikoaren lehen agerpen handitzat jotzen da portada.

Blanca Aldanondo argazkilaria eta Diego Carasusán kazetaria izan dira orain 800 urte eraiki zenean portikoak izan zezakeen polikromia berregin dutenak, Erdi Aroko "komiki" eder hau osatzen duten 150 bineten interpretazioa deszifratuz. Bisitariaren begien ezkerretara Zeruko eszenak kokatzen dira, eta Infernukoak eskuinetara.

Erriberako hiriburuak ‘Izotzaren barazkiak’ show cookinga ere eramango du FITURera, non hiriko lau sukaldari ospetsuk propio negukoak diren barazkiak kozinatuko dituzten.

Esploratu Nafarroa Sarea

Esploratu Nafarroa Sarearen aurkezpena ere arratsaldez izango da, Nafarroako Gobernuak Landa Garapeneko, Toki Administrazioko eta Ingurumeneko Departamentuaren bitartez sustatutako dinamizazio-proiektu bat. Natura-baliabide bereizgarriak eta Nafarroako bide guztiak biltzea da sare honen helburua, modu horretan lurralde bizi bat mantentzeko eta turismo-produktu berriak sortzeko sinergiak ezarriz.

Sakana ibiliz eta dastatuz

Ostegun hau Sakanako inguruan barna doazen 18 ibilbideren mapa kartografikoaren aurkezpenarekin emango da bukatutzat; gainera, ‘Sakana dastatuz’ programa ere aurkeztuko da, tokiko ekoizleek ondutako produktu gastronomikoak liburuxka bakar batean jasotzen dituena, Nafarroako haran honetako lehen sektorea balioan jarriz. Sakanako Garapen Agentziaren kargura egingo dira bi ekimenak. Saioa bukatzean, ‘Sakana dastatuz’ markako produktuak dastatu ahal izango dira.

Ostirala, Nafarroaren eguna

Bihar, ostiralez, Nafarroako Egunaren ekitaldi instituzionalaren buru izango da Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko Lehendakaria, zeinaren ondoren Nafarroako pintxoen dastatze bat eskainiko den, Baserriberri Jatetxeko Iñaki Andradas sukaldariaren eskutik.

Ekitaldia baino lehen, Nafarroako Ardoen Ibilbidearen zabaltze-hitzarmenaren sinadura egingo da, Nafarroako Gobernuak koordinatua. Nafarroako Ardoaren Jatorri Deituraren, Erdialdeko Garapen Partzuergoaren, EDER Partzuergoaren, Lizarrerriko eta Javierreko Turismo Partzuergoen eta Iranzuko Lurrak Elkartearen artean egin da koordinazio hori.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!