Hezkuntzan hitzarmena behar dela aldarrikatzen ari dira LAB, Steilas eta ELA

Euskalerria Irratia 2017ko urr. 20a, 14:05

2011tik ez dago hitzarmen berririk Nafarroan. Murrizketei aurre egin eta duintasunari eusteko berehalakoan ituna erdiesteko beharra dagoela diote sindikatuek. 

Hezkuntzan, mobilizazio egunak dira. Gaur eguerdiran irten dira LAB sindikatuak deituta ikastetxeetako irakasle eta ikasle zenbait kalera. Elkarretaratzeak egin dituzte zenbait jolastokitan. Eta baita Nafarroako Gobernuaren Jauregiaren parean ere. Aldaketak hezkuntzan lehen bai lehen iritsi behar du, goiburuarekin izan dira protesta egiten.

Nora Salbotx LAB sindikatuko hezkuntza gaietako arduradunak gogorarazi du murrizketei oraindik ere ez zaiela aurre egin eta sarraskia eragin dutela irakaskuntzan. Hitzarmenik ere ez dutela berritu gogorarazi du, eta hori lehenetsi beharreko kontua da bere ustez. Europatik datorren agindu bat ere aipatu du: behin behinekotasuna administrazioan %8koa izan behar duela, eta hortik behera. Nafarroan hori gaur gaurkoz ez dela betetzen esan du.

Arratsalderako deia egin dute Steilas eta ELA sindikatuek. Hezkuntza Departamentuarekin hitzarmena ezinbestekoa dela aldarrikatuko dute. Murrizketei aurre egiteko modua izanen delakoan eta irakasleen lan baldintzak duintzeko aukera. Amaia Zubietak esan du badela garaia akordioa erdiesteko eta hezkuntzari dagokion duintasuna ematen hasteko. ELA sindikatuarekin batera eginen du gaurko elkarretaratzea Steilasek. Hezkuntzan hitzarmena aspaldian adostua beharko lukeela uste du baita ELAk ere. 

Zerrenda bakar integratua

Lan Eskaintza Publikoaren gainean hitz eginda, plaza gehiago behar direla uste du LAB sindikatuak. Izan ere Salbotxek gogoratu du hiru irakasletik bat behin behinean ari dela lanean, horrek esan nahi duenarekin. Aurten Kortesen egonen da eskolak ematen eta heldu de urtean Beran egon daiteke. Hezkuntzan kalitatea ziurtatzeko baldintzak ez direla uste dute. Lan Eskaintzak plaza gehiago eskaini beharko lituzke eta zerrenda bakarrik gabe LABek ez duela babestuko ere berretsi du.

Zerrenda Bakarra baino zerrenda integratuaren aldeko dira Steilasen. Irakasle bakoitzak duen ahalmena hobekien islatuko duen zerrenda delakoan. Zerrenda integratua da ELAk egokien ikusten duen formula heldu den Lan Eskaintza Publikoari begira. Aukera horrek ziurtatuko dituelako hobekien irakasleek dituzten ahalmenak.

Kontseilariarekin bilera, astelehenean

Maria Solaka Hezkuntza kontseilariak bilera egiteko hitzordua eman die LAB, Steilas eta ELA sindikatuei. Astelehenean izanen da bilera hori 11:00etan. 

Erlazionatuak

AUDIOA: Nora Salbotx, LAB Hezkuntza

Euskalerria Irratia 2017 urr 20 Nafarroa

AUDIOA:Amaia Zubieta, Steilas Hezkuntza

Euskalerria Irratia 2017 urr 20 Nafarroa

AUDIOA: Ainhoa Fernandez, ELA Hezkuntza

Euskalerria Irratia 2017 urr 20 Nafarroa

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!