Iruñerriko euskaldunon agerkaria
euskalerriairratia.eus

Euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko dinamika bat jarri du abian Kontseiluak

Euskalerria Irratia 2017-10-13 09:54   Euskara  Nafarroa

"Igaro da jada legealdiaren erdia, eta, bi urteotan zenbait aldaketa gertatu diren arren, euskaldunok pairatzen dugun bereizkeriak badirau, ez baitute indargabetu egiturazko arazoa: zonifikazioa", azaldu zuen Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok. 

Eremu mistoko biztanleen ahotsa eraman nahi dute erakunde publikoetara, zona horretan bizitzeak euskaldunei eragiten dizkien arazoak azaleratzeko. Zehazki, Antsoainen, Berriozarren, Burlatan, Mutiloan, Sarrigurenen eta Iruñean abiatuko du egitasmoa Kontseiluak, tokian tokiko euskalgintzako eragileekin elkarlanean. Hala, euskararen ofizialtasuna eskatzeko aukera eskainiko diete udalerri horietako biztanleei, etxe guztietan eskuorriak banatuta. «Batzuetan, badirudi Euskararen Legea administrazioaren esparruari soilik eragiten dion kontzeptu abstraktua dela. Bada, egitasmo honekin frogatu nahi dugu legeak eragina duela eguneroko bizitzan, eta benetako arazoak sortzen dizkiela pertsona arruntei».

Hil honen amaieran, etxeko postontzian jasoko dute eskuorria udalerri horietako herritarrek. Udalari eskaria egiteko eskabidea izanen da. Horren bidez, euskaraz bizitzeko dituzten zailtasunak adierazteko eta euskararen ofizialtasuna eskatzeko aukera izanen dute.

Honako hau dio etxerik etxe banatuko duten agiriak: «Udalak izenda eta ezar dezala euskara herriko hizkuntza ofizial, eginkizun guztietarako, eta eska diezaiela Nafarroako Legebiltzarrari eta gobernuari bertan behera uzteko hizkuntza eskubideen zonifikazioa, eta izenda eta ezar dezatela euskara Nafarroa osoko hizkuntza ofizial».

Eskabideak herrietan bertan jasoko dituzte azaroko lehen hiru asteetan. Horren ostean, euskalgintzako taldeek udalei eta Nafarroako Legebiltzarrari helaraziko dizkiete, auzia osoko bilkuretan eztabaida dadin.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa