Iruñerriko euskaldunon agerkaria
euskalerriairratia.eus

Gaixo dauden presoen eskubideen alde, kalean

Euskalerria Irratia 2017-05-15 08:03   Gizartea  Nafarroa

Giza katea osatu zuten herritarrek Arrotxapeatik Atarrabiara, Sare herritarrak deituta, larriki gaixo dauden euskal preso politikoen eskubideen defentsan.

Larriki gaixorik dauden euskal presoen eskubideen alde giza katea egin zuten herritarrek larunbatean, Atarrabia eta Arrotxapea artean, Sare herritarrak antolatuta. "3.500 metro elkartasun, 3.500 metro salaketa, giza eskubideen aldeko 3.500 ahalduntze metro" izanen zirela jakinarazi zuten antolatzaileek, katea osatu aurretik ere.

Kartzelan dagoen euskal preso kopurua "gero eta txikiagoa" bada ere, "larriki gaixo dauden presoen kopuruak gora egin du". Egun, 22 dira eri daudenak. Horietatik, hiru nafarrak izan zituzten bereziki gogoan: Iñaki Etxeberria, Josetxo Arizkuren eta Gorka Fraile.

Presoak, eskubideen jabe

“Herritar orori zor zaizkien eskubide eta askatasun demokratikoaren defentsan” ari dela “berretsi” du Sarek. Halaber, eskubideak “oinarrizko araua" direla azpimarratu du, "abagune politiko ororen gainetik" egon beharko luketela. Preso dauden pertsonek ere eskubideak dituztela ekarri dute gogora, halaber, eta "aitortu eta bermatu" behar zaizkiela defendatu du Mikel Mundiñanok, Sareren izenean. Gaixotasun larriak dauzkaten presoak espetxean mantentzea "oinarrizko eskubideen urraketa larria" dela ziurtatu du. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa