Ezkabako kartzelako ihesaldia omentzeko hainbat ekimen antolatu ditu gobernuak

Euskalerria Irratia 2017ko mai. 5a, 14:15
Argazkia: Ezkaba, goitik ikusita.

Deshobiratzeak, ihes egin zutenen bidea gogorarazten duen GR xendra bat eta emakumeen elkartasuna sareei buruzko liburua prestatu ditu, besteak beste, Exekutiboak.

Heldu den urtean beteko dira 80 urte, makina bat presok espetxetik ihes egitea lortu zutenetik eta "memoria, justizia eta erreparazioa" gogoan, hamaika ekimen aurkeztu dituzte Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak eta Alvaro Baraibar Bakea, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen arloko zuzendariak, Ezkaba proiektua izenarekin.

Lehenik eta behin, Ezkabatik ihes egindakoen arrastoak bilatzen jarraituko dute, deshobiratze lanak egiteko asmotan, Aranzadi elkartearen laguntzaz jada iaz abiatutako bidean. "Memoria elkarteekin bat" garatutako egitasmoa dela azaldu du Baraibarrek.

Ihes egin zutenen bidea 

Bigarrenik, ihes egin zutenek segitutako bidea markatuko duen bidea aurkeztu dute, GR225, izan ere, maiatzak 5 zituenean egin zuten hanka presoek. Zehaztu dute, dena dela, bidea aurretik ere bazegoela Fermin Ezkieta, Rafa Aldai eta Fernando Martikorenaren eskutik.

Hirugarrenik, botilen hilerrian gazteentzako nazioarteko lan eremua muntatuko dute, 131 presoen arrastoak gordetzen dituen kanposantuan.

Laugarrenik, presoen inguruko emakumeen elkartasun sareek izandako indarra gogoan, liburu bat kaleratuko du Nafarroako Gobernuak, Amaia Kovachsen ikerketa ardatz hartuta. Aurten argitaratuko dute; gainera, dinamika berberaren bueltan, ikerketa horretan oinarritutako erakusketa zabalduko dute, datorren urtean, presoen objektuak erakusketeko. 

Ezkaba proiektua “oso garrantzitsua” dela esan du Ollo kontseilariak, "desmemoriari" aurre egiten diola.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!