Turismoa erakartzea sanferminetatik eta Done Jakuetik haratago, erronka

Euskalerria Irratia 2017ko api. 27a, 14:07

Nafarroako Turismo Plan Estrategikoaren zirriborroa aurkeztu dute gaur. Aniztasuna, gastronomia, jendetasuna eta kultura baliatuko dituzte turismoa areagotzeko erkidegoan. 

Nafarroako Turismorako Plan Estrategikoa ere aurkeztu dute gaur Manu Aierdi lehendakariode ekonomikoak eta Turismoko zuzendari nagusiak, Maitena Ezkutarik.

Oraindik ez da behin behinekoa, esposizio publikoan jarri baitute maiatzaren 31ra arte eta proposamenak, iradokizunak eta aportazioak egiten ahalko zaizkio borradoreari.

Dena den, finkatuak dituzte zenbait helburu eta lan-ildo.

Turismoa Nafarroan, urte guztian barna mugitzea lortu nahi dute, des-estazionalizatzea alegia, Sanferminetatik haratago turismoa erakartzea. Horrez gainera, xede nagusien artean, jende gehiago erakartzea, gau gehiago egitea gurean haien oporraldietan eta nazioartean zein gure inguruko erkidegoetan turismoa sustatzen segitzea.

Horretarako, atzera begira jarri behar izan dira, alegia, diagnostikoa egin behar izan dute aztertu nahian zer nolakoa izan den urteotan turismoa.

Eta datuak ere bildu dituzte:

  • Ø Nafarroak badu zer eskaini. Batez ere hiru arlotan: natura, kultura eta paisaia.
  • Ø 40.015 plaza ditu eskaintzan, lo egiteko toki.

2016an 2015ean baino bidaiari gehiago izan ziren erkidegoan, %8 gehiago: guztira milioi bat eta laurehun mila bisitari. Horietatik gehienak, Espainiarrak eta Frantziarrak. Bereziki hurbileko erkidegoetako jendea.

Zenbat gastatzen dute bidaiariek gurean? Eguneko 107 euro. 2,12 gau pasatzen dituzte bataz beste eta turismo bulegoek iaz 460.000 bisitari atenditu zituzten. Aierdi lehendakariordeak uste du, badagoela Nafarroa erakargarri bilakatzen duena.

Eta aurrera begira jarrita, zein dira aurreikuspenak?

Eskaintza gero eta gehiago izan behar dela: kulturala; landa eremukoa; eta anitza, hau da, ez bakarrik arlo zehatz batek erakarritako turistei zuzendua.

Zailtasunen artean, diagnostikoak dio hauek direla:

-Zailtasunak atzerriarekin joan-etorriak egiteko.Alegia, aireportua gutxi erabilgarri dago eta trenbidea ere bai.

-Turismoaren ehun enpresariala profesionalizatu behar da eta eskaintza desestazionalizatzera bideratu.

-Turistari eskaintzen zaion arreta.

-Kanpora Nafarroatik proiektatzen den irudia indartsua bada ere, Sanferminekin eta Done Jakue bidearekin bakarrik izatetik zabaltzera jo behar da.

Helburuak asko, lan handia egiteko. Aierdik nabarmendu duena, erronka handia izan daitekeela eta epe motz-ertainean ari direla lanketa hori egiten. Atzera berriz ere begiratuta, orain arte turismoan gutxiegi inbertitu dela ohartarazi du eta esfortzu ekonomikoa eraginen duela orain.

Nazioartean jarri dute fokoa, baina baita hurbileko bizilagunen artean ere. Bi eskaintza egiteko aukera aztertzen ari dira.

Atzerrian Nafarroa ‘saltzeko’, Nafarroa. Iruñea marka erabiltzeko aukera aztertzen ari dira.

Hurbileko jendearen artean ordea, Nafarroa hitza soilik.

Guztientzat izanen dena, Nafarroa hori irudikatzeko bestelako hitzak:

Aniztasuna. Batzen duen lurraldea. Jendetasuna. Gastronomia.

Horiek aurkeztuta, turismoa erakartzea da asmoa, lehen esan bezala, gertukoa orain arte ongi joan da eta hori mantentzea da xedea, baina, inoiz baino gehiago nazioarteari begira jarri da Gobernua, atzerriko jendea erakarri nahian sanferminetatik edo Done Jakue bidetik haratago.

2017-2025 Turismo Plan Estrategikoa da, eta zenbait xede ere jarri dituzte, lorpenak izanen liratekeenak:

Europako turistek Nafarroan pasatzen dituzten gauak %46 haztea: 444.000tik 650.000 izatera.

Hurbileko erkidegoetako turismoaren artean %14 haztea da erronka, 2,9 milioi izatetik pasatako gauak 3,5 milioi izatera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!