Rubiken kuboaren mundu artistiko eta matematikoa, asteburuan

Euskalerria Irratia 2017ko api. 6a, 08:04

Ostiraleko proposamen irekien ondoren, larunbatean eta igande goizean Iruña Open 2017 txapelketa jokatuko da.

Iruña Open 2017 nazioarteko txapelketan parte hartzeko leku guztiak beterik daudelarik, gaur aurkeztu dira Gaztediaren Etxean horren harira antolatuko diren jarduerak, guztiak Rubiken kuboaren zale amorratuei zuzenduak. Buruhauskarri horren erabileraren inguruan espezialistek duten hitzorduaren karietara, Iruñeko Udalak –Kuboaren Munduko Elkartearen (WCA) eta Rubik Kuboaren Espainiako Elkartearen (AECR) laguntzarekin– jarduera-sorta bat antolatu du apirilaren 7ko arratsalderako, lehiaketa-giroa berotzen hasteko.

Gaur goizean, Herritarren Partaidetzako, Berdintasuneko eta Gizartea Ahalduntzeko zinegotzi ordezkari Alberto Labargak eta AECRko kide eta recordman Julen Simón Iriartek lehiaketaren eta horren inguruko jarduera guztien xehetasunak aurkeztu dituzte. Iruña Open 2017 nazioarteko txapelketaren inguruan, besteak beste, honako jarduera hauek antolatu dira: hastapen-lantegi bat –espezialistek eta errekordunek emana–, bukaeran erakustaldi bat izanen duena, munduko Rubiken kubo jokalaririk onenen bideoen proiekzio bat, hiru dimentsioko buruhauskarri mekaniko honen aldaeren erakusketa bat, eta ikasleek 3x3x3 kubo klasikoa ebazteko egindako eta programatutako robot baten erakustaldia (haren aurka lehiatzeko aukera egonen da).

Ostiraleko jardueretan parte hartzeko aukera eduki ez ezik, Iruña Open 2017 txapelketako txanda guztiak ikusteko parada izanen dute herritarrek, Gaztediaren Etxean, larunbateko 09:00etatik igandeko 13:00ak arte. Iruñean lehen aldiz egingo da Rubiken kuboen txapelketa ofizial bat.

Robot baten aurka lehiatzea eta Rubik-aldaeren erakusketa

Apirilaren 7an, ostiralarekin, 17:30ean –arratsaldeko jarduerei hasiera emateko– kubo klasikoa (3x3x3) ebazteko programatutako robot baten funtzionamenduaren inguruko azalpenak emango dira. FSIngenium Team by SFEstructuraseko robotika hezitzailearen taldeko ikasleek robot bat diseinatu, egin eta programatu dute, eta hura gai da kubo bat ebazteko, haren hasierako desordena edozein delarik ere. Eta gainera, hain azkar egiten du ezen gizaki batekin lehiatu baitaiteke.

Interesa duten lagunek aukera izanen dute Lego piezekin egindako robotaren aurka lehiatzeko –15 minutuz behin–, edo robotari eskatzeko kasuan-kasuan ematen zaion kuboa ebatzi dezala. Halaber, robota diseinatu duten gazteek beste gailu bat desmuntatuta eramango dute interesa duen orori emateko diseinuaren, egituraren eta osagaien berri (sentsoreak, programazioa...).

18:00etan irekiko da erakusketa, non jardunaldia bukatu arte aukera egonen baita hamar bat Rubiken kubo-modelo ikusteko. Ernö Rubik eskultore eta arkitekturako irakasle hungariarrak bere ikasleei hiru dimentsioen funtzionamendua azaltzeko ideia zoragarri hura izan zuenez geroztik, kontzeptu beraren inguruko modalitate ugari patentatu dira. Ilara bakoitzeko alde-kopuru ezberdinak eta bestelako forma geometrikoak erabilita, diseinu- bariazio konplexuek ustekabeko soslaiak ematen dizkigute. Kubo klasikoaz gain, zenbait buruhauskarri egonen dira, piramide formakoa (Pyraminx), dodekaedro formakoa (Megaminx), Kubo zehiarra (skewb), square-kuboa –ebakiduren formagatik itxura aldatzen zaio biraketa bakoitzean-, eta clock-a, plano bakar batean erlojuen lerrokatzea behar duena–.

Hastapen-lantegi bat, luxuzko irakasleekin, 7 pausutan

Txapelketa ofiziala trebatuentzat bada ere, ikastunendako lekua ere izango da proposatutako jardueretan, eta gainera adituak diren irakasleengandik prestakuntza jasoko dute. Erakusketa eta robotaren erakustaldia egiten diren bitartean, 18:15etik 20:15era, Rubiken kuboarekin trebatzen hasteko lantegi bat egingo da, 14 eta 30 urte arteko gazteei zuzendua, Rubiken kuboa ebazteko zazpi pausuak izenburupean.

Lantegian buruhauskarria ahalik eta azkarren ebazteko oinarrizko pausuak azalduko dira. Izan ere, intuizioaz gain, buruhauskarria egiteko metodo ugari daude: hasiberrien metodoa, Fidrich metodoa (abiadura handian ebazteko), Petrus metodoa, Roux delakoa, Heise metodoa, etab. Batetik, ideia intuitiboek eta mugimendu bisualek –Ernö Rubikek asmatu bezala– osatzen dituzte metodoak; baina bestetik, ebazpenean badira hain intuitiboak ez diren algoritmo matematikoak.

Lantegiko irakasleek asko dakite horren inguruan, biharamuneko Iruña Open 2017ko lehiakide gazteetako batzuk izango baitira: Kuboaren Munduko Elkarteko ordezkariak, Alexander Olleta eta Alberto Pérez de Rada, eta Iruñeko Rubiken Kuboen I. Txapelketako antolatzaileak, Julio Perugorria eta Julen Simón. Lantegirako 30 leku daude eta doan da, baina aldez aurretik izena eman beharra dago. Partaideek kuboa eraman ahal izango dute jarduera amaitzerakoan. Interesa dutenek Gaztediaren Etxean eman dezakete izena, casajuventud@casajuventud.com helbide elektronikoan, edo 948 233512 telefonoan.

Trebeziazko demoak buruhauskarriarekin: bideoan zein aurrez aurre

Lantegia amaitzean, arreta guztia ekitaldi-aretora bideratuko da, bertan hainbat bideo proiektatuko baitira, eta hor ikusi ahal izango dira Rubiken kubo jokalaririk onenak eta buruhauskarri honekin egindako errondarik ikusgarrienak. Ikus-entzunezkoen bidezko erakustaldi horretaz gain, egunaren amaieran zuzeneko erakustaldi bat egingo da.

Bi adituk, Kuboaren Mundu Elkarteko ordezkari Alexander Olletak eta Alberto Pérez de Radak, menperatzen dituzten modalitateen erakustaldia egingo dute bertaratuek ikus dezaten. Alberto Pérez de Radak lehenengo postua du 3x3x3 oinekin ebazten. 56.01 segundoko marka du, El Escorial Open 2016 txapelketan lortua.

Olletari –matematikari, informatika garatzaile eta Kuboaren Munduko Elkarteko ordezkaria– 3x3x3 Fewest Moves modalitatea gustatzen zaio gehiago, ahalik eta mugimendu gutxienekin kuboa ebaztekoa, alegia, eta munduko bigarrena da gaur egun modalitate horretan. Matematikari gisa kuboaren algoritmo matematikoak pizten dio interesa eta Jainkoaren zenbakia delakoak, hots, Rubiken kuboa hasierako posizioa edozein delarik ere ebazteko mugimendu kopuru txikienak. .

Txapelketa: 18 modalitate ofizialetako 14

Txapelketa larunbatean hasiko da, 09:00etan, eta 20:30ean amaitu (14:00etatik 15:00etara bazkaltzeko etenaldi bat egingo da). Igandean 09:00etatik 13:00etara izango da. Erronda guztietan publikoa egon ahal izatea aurreikusita dago.

65 lehiakideetatik 64k 3x3x3 kubo modalitatean eman dute izena. Modalitate horretan izena eman ez duen bakarra soilik Pyraminxpiramide itxurako buruhauskarriaren modalitatean eman du izena. Bada aurreikusitako modalitate guztietan izena eman duen parte-hartzaile bat ere. Hurrengo modalitateak, parte-hartzaile kopuruaren arabera sailkatuta, honako hauek dira: 2x2x2 kuboa (47 parte-hartzaile), eta Pyraminx (42 parte-hartzaile). Hiru modalitate ‘itsuetan’ 28 lehiakidek eman dute izena.

Txapelketa honetan Espainiako eta Frantziako ordezkariek parte hartuko dute, eta haien artean munduko jokalaririk onenetariko batzuk daude. Iruña Open 2017an izena eman dutenen artean % 12,3 emakumeak dira. Norgehiagoka hauetan ohikoa den bezala, lehiakide bakoitzak zein modalitatetan lehiatu nahi eta puzzle horiek eraman beharko ditu, kontuan hartuta edozein marka edo modelo onartzen dela, webgunean kontsultatu daitekeen Erregelamenduak espresuki debekatzen dituenak salbu.

Txapelketa hasi baino lehen, lehiakideek kronometro ofizialarekin (StackMat ®) trebatzeko aukera izango dute, Gaztediaren Etxean bertan. Modalitate bakoitzean, lehiakideek aukera bat baino gehiago izango dute, eta haien artean zeinetan egin markarik onena  eta hori aukeratuko da; horrela sailkatzen direnen ehuneko handi bat bigarren errondara pasatu ahal izango da. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!