Sortzenek Antoniuttin eginen du euskal eskola publikoaren jaia maiatzaren 21ean

Euskalerria Irratia 2017ko api. 5a, 07:51

'Auzo bizi onaren eskola' izenburuarekin sortu du aurtengo kanta Broken Brothers Brass Band taldeak. 

Maiatzaren 21ean Antoniuttin izanen da hitzordua. Sortzenek han eginen du Euskal Eskola Publikoaren Jaia. Aurten 'Auzo Bizi Onaren Eskola' izenburuarekin antolatuko ditu ekimenak egun horretarako. 

Igande oso bat izanen da, Iruñean berriro, Antoniutti parkean, Sortzenek urtero antolatzen duen Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko Jaiaz gozatzeko. "Abenduan data aurreratu genizuen: maiatzaren 21a. Baita aurtengo protagonista ere: IkasKilo. Eta bere ametsa: Auzo Bizi Onaren Eskola eta hori lortzeko behar duen Hezkuntza Burujabetza", nabarmendu dute Sortzen elkarteko kideek. Hauxe Sortzenek bidalitak oharra:

-Unitate Didaktikoa zabaldu dugu eskoletan: adin ezberdinetako ikasleei zuzendutako jarduerak.

 -Zozketa: 100 sari dituen zozketa bat martxan jarri dugu (Nekazal etxea, otorduak, scape room saio bat, Sortzen-materiala…)

 -Haizea egitasmoa ere aurkeztu dizuegu: jaiaren etekin ekonomikoaren zati bat, Nafarroako zonalde diskriminatuan D ereduko lerroak babesteko eta hauspotzeko erabiliko dugu.

 -Hezkuntza Burujabetza mahai-ingurua: burujabetzarekin eta hezkuntzarekin lotutako esperientzia ezberdinen protagonistak elkartu genituen San Frantzisko eskolan (Orioko herri curriculuma, elikadura burujabetza, Ikasle Euskaldun Eleaniztunak hizkuntza-proiektua eta mugimendu feminista).

 -Ikaskiloren kamisetak ere salgai daude: haur zein nagusientzako. Egun hauetan Iruñerriko eskoletan ibiliko gara salmenta mahaiarekin.

Auzo bizi onaren eskola, jaia

Hasteko, aurtengo edizioa Antoniutti parkean ospatuko dugula jakinarazten dizuegu. Jaiaren zati bat Basotxoan ospatuko dugu ere. Lehen aipatu ditugun berriak, hemendik aurrera Jaiarekin loturik sortuko direnak eta informazio osoa jasotzen duen bloga sarean dago jada:www.sortzenjaia.eus.

Horrekin lotua, nola ez, aurtengo kartel nagusia ere badugu! Bertan, IkasKilo eskuartean duen ikasle bat agertzen da, IkasKiloren ametsa den Auzo Bizi Onaren Eskola hodei batean irudikatzen delarik.Jai egunak berak izango dituen ezaugarrien artean, hiru nabarmendu nahi ditugu:

-Alde batetik, salgai egongo diren jakiak kilometro zerokoak izanen dira eta eskaintza “ekologikoa” izaten saiatzen ari gara. Kalitatezko jakiak eskaini nahi ditugu, inguruko ekoizleei erosiak. Gure elkarteak, kalitatezko eta produktu ekologikoez ornitutako eskola jantokien alde egiten duen apustua garbia da, beraz, has gaitezen geure etxetik! Berton bertokoa, eta garaian garaikoa.

-Bestetik, Hezkuntzak garrantzi berezia hartuko du aurtengo Jai egunean. Horretarako, hezkuntzarekin eta euskararekin lotutako eragileen Erakusleiho-azoka antolatu dugu. Eragile horien informazio eta material salmenta egoteaz gain, esperientzia ezberdinak azaltzen dituzten erakusketak ikusgai izango ditugu.

-Hirugarrenez, auzolana da aurtengo edizioaren beste gako bat. Auzolan eta eskola; AuzoEskoLan. Hezkuntzarekin lotutako auzolan horretan, Iruñerriko Guraso Elkarte bakoitzak haurrentzako tailer bat prestatu du.

-Bukatzeko, aurtengo abestia aurkezteko plazerra dugu. Broken Brothers Brass Bandek egindako abestia da, “Auzo Bizi Onaren Eskola” izenburukoa. Taldean egindako bat-batekotasuna da beraien zigilua. Haiekin batera IkasKiloren ametsa irudikatzen duen abestiari ahotsa jartzeaz arduratu dira Igotz (HOFE), Gorka (Siroco Blue), Emauseko Ritx eta Nerea Erbiti.

Erlazionatuak

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!