Iruñerriko euskaldunon agerkaria
euskalerriairratia.eus

Aurrekontu egonkortasunari buruzko legea bertan behera uzteko eskatu diote Madrili

Euskalerria Irratia 2017-04-03 07:59   Politika  Nafarroa

Nafarroako hamar udal handienek eta merindade burukoek egin dute eskaera, Iruñeak tokiko autonomia "defendatzeko" antolatutako jardunaldietan.

Biztanle gehien dituzten Nafarroako hamar udalek eta merindade burukoek jardunaldi bat egin dute Iruñeko Udaletxean, non Madrilgo Gobernuak 2012ko apirilaren 12an onetsi eta aplikatu zuen apirilaren 27ko Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko 2/2012 Lege Organikoaren edukia arbuiatu baitute eta Gobernua premiatu baitute beharrezko neurriak premiaz har ditzan, aipatu legea ahalik eta lasterren indargabetzeko. Lege horrek tokiko entitateen gastu-ahalmena mugatzen du, eta zorraren ordainketa lehenetsi. Ezartzen duenaren arabera, Toki-korporazioen gastu-mailak ezin izanen du gainditu BPGren hazkundearen erreferentzia-tasa –aurten, % 2,2 da–, Udal bakoitzaren finantza-egoera kontuan hartu gabe. Horrek berekin dakar, esaterako, “oztopoak jartzea tokiko gobernuek ez dezaten plantilla handitu behar besteko langileez, gero eta handiagoak diren desparekotasunei aurre egiteko, aterpe-premia asetzeko, modernizatzeko eta abarretarako. Eta, milioietako superabitak sortzera behartuak izan dira, bankuei ordaintzeko, prekarizazioa eta desparekotasunak areagotzen diren bitartean”; horrela dio, hain zuzen, jardunaldiari buru eman dion agiriak.

Onetsitako testua jardunaldian parte hartu duten udaletako osoko bilkuretan aurkeztuko dute, mozio gisara; testuak, orobat, dioenaren arabera, herritarrei jakitera emanen zaie erabaki honen inguruko edukia, udal bakoitzak erabilgarri dituen bitartekoen bidez, eta erabakia Nafarroako Gobernuari, Nafarroako Parlamentuari, Ogasun Ministerioari, Administrazio Publikoei eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari jakinaraziko diete.

Jardunaldian, honako hauek hartu dute parte: Joseba Asiron, Iruñeko Alkatea; Patricia Perales, Tokiko Ekonomia Jasangarriko zinegotzia; José Ángel Andrés, Tuterako lehen alkateordea; Oihane Indakoetxea, Barañaingo alkatea; José María Noval, Burlatako alkatea; Alfonso Etxeberría, Eguesibarko alkatea; Koldo Leoz, Lizarrako alkatea; Jon Gondán, Zizur Nagusiko alkatea; Arturo Goldaracena,Tafallako alkatea; Ander Oroz, Antsoaingo alkatea; Mikel Oteiza, Atarrabiako alkatea; Ángel Navallas, Zangozako alkatea; eta Andoni Lacarra, Erriberriko alkatea.

‘Zuzeneko erasoa Tokiko Entitateei’

Bilera amaitutakoan, prentsaurreko bat egin da jardunaldian egindako agiriaren edukiaren berri emateko. Agiriak dio apirilaren 27ko Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko 2/2012 Lege Organikoak hiru zerga-arau ezartzen dituela, nahitaez bete beharrekoak: aurrekontu-oreka edo -egonkortasuna, finantza-iraunkortasuna edo zorraren muga eta gastu-araua. Legeak, besteak beste, dio Nafarroako toki-entitateek aurrekontu-oreka edo superabita eduki behar dutela, eta superabita erabiliko dutela zorraren maila gutxitzeko. Gerora, aldatu egin zen xedapen hori, udalei zenbait betekizun betetzea posible egiteko eta superabitaren parte bat erabil zezaten finantzaz bezainbatean jasangarriak diren inbertsioetarako. Inbertsio horiek ez dituzte ezein kasutan ere udalerrien eta herritarren beharrak asetzen.

Agiriaren sinatzaileak bat datoz esatean “Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Legearen aplikazioak eta horren garapenak berekin dakartzan mugek zuzenean jotzen dutela Tokiko Entitateen kontra, haien eskumenen eta izaeraren beraren kontra, eta kolpe ezin latzagoa ematen diote munizipalismoari. Legeak izaera birzentralizatzailea dauka, eta herritarren zerbitzura dauden administrazio ezberdinen jarduna gutxitu eta mugatzen du, halako moduz non udal asko praktikan esku-hartuak diren, eta gaitasunik gabe geratzen diren, herritarren premia handieneko beharrak asetzeko”.

Tokiko autonomia, langabezia murriztu eta gizarte-kohesioa bermatzeko

Hartara, sinatzaileek diotenez, “birzentralizazio-politikak eta muturreko austeritate-politikek eragindako murrizketa sistematikoak ikusita, beharrezkoa da udalei autonomia eta arautze-ahalmen handiagoa ematea, ez daitezen derrigorturik egon kutxan milioietako superabitak metatzera edo zorra ordaintzera bideratzera. Izan ere, Tokiko Entitateek beharrezko dituzte baliabide horiek, gizarte-kohesioari eusteko, tokiko ekoizpen-ehuna finkatzeko, langabezia murrizten duen jarduera ekonomikoa sortzeko eta egoera okerrenean daudenei laguntza emateko”.

Testuinguru horretan, hain zuzen “Nafarroako Udalerriok lanean segitu behar dugu herri-borondatearen eta legearen arabera dagokigun autonomiaren alde. Horren adibiderik garbiena dugu Nafarroako Foru Komunitatearen eskumen-aldarrikapena eta -garapena, bere erakundeak administratu eta antolatzeko. Ez da onargarri Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Legeak ahalmen hori usurpatzea eta Nafarroako tokiko erakundeak beren jardun egokia eta inbertsio-gaitasuna eragozten duten ekonomia- eta aurrekontu-irizpideen eraginpean ezartzea. Horrenbestez, Lege horren onespen eta garapenarekin ukatu egiten zaie Nafarroako Tokiko Entitateei erakunde diren aldetik dagokien gaitasuna eta ekimena. Eta, noski, Estatuko gainerako entitate eta erakundeei ere. Eta hori ez da onargarria. Alderdiez eta ideologiez harago, kontua da gure erakundeen ahalmen ekonomikoa eta finantzarioa defendatzea. Jarrera bateragarria bilatu behar delakoan gaude, erakunde guztiak elkar hartzen dituena, lege hori aplikatzea eta gure udalerrietako herritarrak zigortzea ekidite aldera”.

Ezin gastatu, diru-sarreren arabera

Iruñeko Udalak bultzatu du jardunaldi hau, besteak beste egiaztatu duelako Iruñeak bazuela 2016. urtean gaitasun nahikoa diru-sarrera gehiago sartzeko aurrekontuetan –azkenean, horrela gertatu da–, eta hortaz, gastu-ahalmena handitu ahal izango zuela, eta horrekin batera inbertsio gehiago finantzatzeko aukera ere, betiere finantza-orekaren printzipioarekin bat. Baina Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Lege Organikoak ezarritako gastu-mugak eragotzi egiten du gastu horiek handitzea, ez die uzten toki-administrazioei diru-sarreren arabera gastatzen. Iruñeak, 2016. urtearen bukaeran, 64 milioi euro zituen geldikinetan.

Gaur onetsitako agiria bat dator otsailean, Valentzian “Bidezko finantzaketaren alde” lelopean egindako jardunaldi munizipalisten lan-ildoarekin. 50etik gora udalek parte hartu zuten hitzordu hartan, besteak beste, hiri hauetakoak: Coruña, Alacant, Bartzelona, Badalona, Bilbo, Cádiz, Castelló, Madril, Málaga, Sagunto, Toledo, Valladolid eta Zaragoza. Foru hartan honako ikuspuntu hau defendatu zen: “toki-gobernuak erakunde politikoak dira, hurbiltasunetik funtsezko diren zerbitzu publikoak ematen dituztenak, betiere Konstituzioak jasotzen duen autonomia-printzipioaren babespean. Hori horrela, finantzaketa-sistema egonkorra eduki behar dute, herritarren oinarrizko premiak asetze aldera”. Horren karira, eta gaur onetsi den agirian bezala, toki-finantzaketa sistemaren erreforma aldarrikatzen zen, eta Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko Legea indargabetzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa