'Irakurri, gozatu eta oparitu' abian da liburutegi publikoetan, euskarazko liburuen irakurketa saritzeko

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 30a, 14:01
Argazkia: Txantreako liburutegiaren kanpoko irudia.

Liburutegi publiko batean euskarazko liburu bat hartu, irakurri, galdetegia bete, eta beste liburu bat % 35 merkeago erosteko txeke bat jaso: horra egitasmoaren funtzionamendua.

Euskarazko liburuen irakurketa sustatzeko Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoa abian da, maiatzaren 31ra arte. Iruñeko Udalak eta hiriko liburutegi publikoek aurten bat egiten duten lehenengo aldiz egitasmoarekin. Ekimenak liburutegitik liburu bat maileguan hartu eta irakurri izana saritzen du, nola eta egitasmoarekin bat egin duten liburu-dendetan beste liburu bat % 35 merkeago erosteko txeke baten bidez.

Hona hemen interesa dutenek egin beharrekoa: liburutegi publiko batetik liburu bat hartu, irakurri, eta hura itzultzerakoan liburuari buruzko hainbat galdera orokor dituen fitxa bat bete, benetan irakurri dutela egiaztatze aldera. Fitxa bete ondoren, erosketa-txeke bat emango zaie, honako liburu-denda hauetakoren batean euskarazko liburu bat %35 merkeago eros dezaten: Abárzuza, Auzolan, Chundarata, Colorín y Colorado, Elkar Comedias, Elkar Larraona, Katakrak, Karrikiri, Tartalo eta Zazpi. Pertsona bakoitzak eskuratu dezakeen txeke kopurua mugatuta dago: lau txeke pertsona bakoitzeko, bi apirilean eta bi maiatzean. Hilabete horien amaieran, gainera, egitasmoan parte hartu duten erabiltzaileen artean 30 euroko bost txeke zozketatuko dira, euskarazko liburuak eros ditzaten.

Ekimen honen barruan, programa azaltzen duen diptiko bat argitaratu da, non 50 liburu gomendatzen baitira, bost adin-tartetan banatuta (0-4 urte, 4-8, 8-12, 12-16, eta 16tik gora), hartara, behar duen horri zer irakurri aukeratzen lagunduko zaio. Zerrenda horrek, baina, ez du mugarik jartzen liburua aukeratzeko orduan, ez liburutegian ezta liburu-dendan ere.

Irakurketaren plazera eta euskarazko literatura ikusarazi

Euskaltzaleen Topaguneak antolatu du programa hau, eta XI. edizio honetan Euskadi eta Nafarroako 52 herritarra heldu da. Egitasmoaren xede dira herritarren artean irakurzaletasuna bultzatzea, irakurketaren plazera aldarrikatzea eta plazer hori partekatzea ahalbidetzea, opari bihurtuta. Halaber, euskarazko literatura ikusarazi eta sustatzen da, harengana heltzeko abantailak eskaintzearen bitartez.

Euskaltzaleen Topagunea 1997an sortu zen irabazi asmorik gabeko erakundea da. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 90 elkarte biltzen ditu, euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin. Horretarako, hainbat alorretan dihardu: haur eta gazteen aisialdia, kultura, komunikabideak, erakundeen euskalduntzea eta sentsibilizazioa. Iruñean, Udalak eta erakunde honek elkarlanean dihardute Mintzakide. Hizkuntza-boluntarioak egitasmoarekin, zeinak euskarazko elkarrizketa-taldeak sortzea bultzatzen baitu. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!