'Zinegoak' LGTB zinema jaialdia Iruñera iritsiko da

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 16a, 13:41
Argazkia: 'Zinegoak' jaialdiaren aurkezpena.

Martxoaren 21etik 23ra, LGTBI gaiekin loturiko pelikula bat eta film laburrak emitituko dituzte, Iruñean zein Tuteran; denak, jatorrizko bertsioan eta azpidatziekin.

Zinegoak LGTBI zinema jaialdia Iruñera iritsiko da, lehenengo aldiz, lesbianen, gayen, transexualen, intersexualen eta bestelako identitate zein aukera sexual ez heteronormatiboen berri emateko. Bi helburu dauzka: "sentsibilizazioa eta aniztasuna sustatzea". 

Bilbon egin ohi da Zinegoak LGTBI jaialdia, eta zinema baino gehiago da: antzerkia, kale adierazpideak… Iruñera, ordea, lagin txiki bat ekarriko dute: heldu den astean, martxoaren 21etatik 23ra. 

Zein pelikula eskainiko dituzte?

Lehenengo egunean, hilaren 21ean, asteartearekin, Daniel Adma zuzendariaren Transit Havana pelikula eskainiko dute, Cuban egiten diren sexu ebakuntzei buruzko lana.  

Asteazkenean, Tuterara joanen da jaialdia, Tuterako udalarekin elkarlanean. Eta ostegunean iruñera bueltatuko da zinegoak: film laburren emanaldiarekin. Besteak beste, Gravido, Take your partners, Oh be Joyful eta Home proiektatuko dituzte.

Hegoa, Kattalingune eta udalaren eskutik

Zinegoak Iruñeko Udalak, Hegoa eta Kattaligune elkarteek ekarri dute. "Trans errealitateetan" jarri dute mira aurten bereziki Iruñera iritsi den jaialdiaren hedapenak. Hori adierazi du Kattalinguneko kide Xabi Sanchezek, "trans errealitatea LGTBI komunitateetan bazterrean egon ostean erdigunean jartzeko garaia" dela.

Zinegoak-en helburuak, hauexek: LGTBI komunitatea "ikusgarri" egitea; "ekintza eta alianza politiko, kultural, sozial, ekonomiko eta juridikoak sortzea"; eta sexu zein identitatea sexuala direla medio izandako bazterketei aurre egitea.

Pelikula guztiak jatorrizko bertsioan izanen da, gaztelaniazko azpidatziekin. Informazio guztia Zinegoak-en webgunean aurki daiteke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!