Euskaraz ikasteko aukera, Alde Zaharreko eta Sanduzelaiko haur eskoletan

Euskalerria Irratia 2017ko ots. 1a, 14:04

> Progresiboki ezarriko dute euskarazko eredua bi haur eskola horietan. 
> Plaza kopurua bikoiztu eginen dute: Alde Zaharrean 58 plazetatik 87ra pasako dira eta Sanduzelaikoan 74tik 87ra. 
> Ikastetxe horiek egokitzeko lanak udan eginen dituzte eta 100.000 euro inbertituko dituzte. 

Euskaraz ikasteko aukera eskainiko du Nafarroako Gobernuak Alde Zaharreko eta Sanduzelaiko haur eskoletan.

Hala iragarri du gaur Gobernu bileraren ondoko agerraldian. Progresiboki eginen du aldaketa, hau da, une hauetan haur eskola horietan gaztelaniaz ikasten duten haurrek ez dute beste inora mugitzeko beharrik izanen, hautatutako hizkuntza horretan amaitu ahal izanen dute haur eskolako zikloa. 

Gobernuaren eskumenekoak dira zazpi haur eskola, horietatik bost Iruñean daude, eta heldu den ikasturtetik aurrera euskarazko eskaintza izanen dute beraz Alde Zaharrekoak eta Sanduzelaikoak. Horrez gain, plaza kopurua bikoiztu eginen dute. Alde Zaharrean 58 plazetatik 87ra pasako dira eta Sanduzelaikoan 74tik 87ra. Haur eskola horiek egokitu egin beharko dituzte planteamendu berri horietara eta horretarako lanak udan eginen dituzte eta 100.000 euroko inbertsioa izanen dute.

Erabaki hori zenbait datu objektibo eskuartean izanda hartu dutela nabarmendu du Miguel Laparra Gizarte Gaietako kontseilariak eta eskariari begira jarri dira batez ere.

Haur eskoletan izen emateko epea martxoaren 1etik 15era izanen dela ere iragarri du Laparrak.

Iragarpen hau eginda, Behatokira jo dugu. Garbiñe Petriati Iruñeko Euskalgintzako kideekin izan zen duela aste gutxi Parlamentuko batzordean euren eskaerak egiten. Euskarazko haur eskolak behar zirela esanez, eskubide soziala zelako hori.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!