Ijitoen diskriminazioaren aurkako kanpaina, martxan

Euskalerria Irratia 2017ko urt. 31a, 14:28

Min gehien ematen duen tatuajea lelopean, ijitoek diskriminazioa "egunero" bizitzen dutela salatu du Ijitoen Idazkaritza Fundazioak eta gaia "agerian jartzeko" ekimenei ekin die.

Min gehien ematen duen tatuajea. Hori da Ijitoen Idazkaritza Fundazioak “diskriminazioaren aurka eta duintasunaren alde” irailaren 6an abiatutako kanpaina. Sare sozialetan #ElTatuajeQueMasDuele leloarekin argazkiak zabaltzen ari dira.

Amanda izeneko ijito gazteak egindako protestatik dator leloa: Ijitoa naiz eta fidatzekoa naiz tatuatu zuen besoan, egiturazko bazterketaren aurka, eta, horren ostean, aurreiritzien kontrako kanpaina jarri zuen martxan Ijitoen Idazkaritza Fundazioak, Espainiako estatuan. Gaur goizean, Nafarroak ekin dio dinamikari, Nafarroako Ijitoen Idazkaritza Fundazioaren eskutik. 

Eguneroko ogia

“Diskriminazioa egunero bizitzen dute ijitoek” eta hura “agerian jartzea” zein “gaiari arreta handiagoa jartzea” dira kanpainaren xedeak.

Helburu zehatzak finkatu dituzte, diskriminazioarekin bukatzeko neurriak: “Botere publikoek berdintasunerako eskubidea eta duintasuna gehiago babestea”; berdintasunaren aldeko osoko lege bat sortzea, “bere gain hartuko dituena Europako arautegiak ezartzen dituen eskumen eta erantzunkizun guztiak”; gorroto eta diskriminazio delituetarako zerbitzuen jarduna “sustatzea”; eta gizartea “sentsibilizatzea”. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!