Nafarroako ekonomiak %2,9ko batez besteko hazkundea izan du 2016an

Euskalerria Irratia 2017ko urt. 31a, 08:32

Foru Erkidegoko BPG %0,8 hazi da azkeneko hiruhilekoan; Estatukoa, berriz, %0,7.

Nafarroako ekonomiaren hazkunde-tasa errealak ez ditu prezioak kontuan hartzen, eta %2,9koa izan zen iaz; horrela, berriro lortu da 2015eko aurrerapena, eta hamarren batean gainditu da Foru Gobernuak eszenatoki makroekonomikorako aurreikusitako %2,8ko hazkundea.

Manu Aierdi Garapen Ekonomikorako lehendakariordeak prentsaurrekoan adierazi du "jarduera ekonomikoak egonkor eutsi diola bere egoerari urte amaieran, abiadura pixka bat moteldu badu ere, eta urte hasieran iragartzen genuenaren gainetik".

Gaineratu du moderazio hori bat datorrela "beste adierazle ekonomiko batzuetan ikusten denarekin, enpleguaren adierazleetan, adibidez".

Espainian, %3,2koa izan da batez besteko hazkundea, "turismoaren eta eraikuntzaren egoera hobea dela eta", Garapen Ekonomikorako lehendakariordeak azaldu duen bezala.

Manu Aierdiren esanetan, Nafarroa "hazkunde-tasa handiak izaten ari da, %3 ingurukoak, azkeneko bi urteetan". Aurrerapen horiek "nahiko onak dira, batez ere Europako beste eremu batzuek dituztenekin alderatuta". Zentzu horretan, azpimarratzekoa da Alemanian %1,9koa izan dela hazkundea, %1,8koa Europar Batasunean eta %1,3koa Frantzian.

%0,8ko hiruhileko hazkundea

Nafarroako Barne Produktu Gordina %0,8 hazi zen iazko laugarren hiruhilekoan; horrela, Nafarroako Estatistika Erakundeak egiten duen hiruhileko kontabilitatearen aurrerakinaren arabera, urte arteko tasa % 2,7koa izan da.

Estatuak, berriz, urte arteko %3ko tasa izan du, Estatistikako Institutu Nazionalak egindako zenbatespenaren arabera; %3,2ko tasa lortu zuen aurreko aldian.

Azkeneko hiruhilekoari dagokionez, %0,7 hazi da Espainiako ekonomia.

Merkatuko zerbitzuak izan dira hazkunde horren buru, kontsumoak izan duen bultzadari esker, eta zerbitzu horiek izan dira Nafarroako jarduera ekonomikoari "sendoen" eutsi diotenak.

Manu Aierdik adierazi du, bestalde, merkatuko zerbitzuek merkatukoak ez diren jardueren laguntasuna izan dutela –hezkuntzarena eta osasunarena, esaterako–, batez ere urte amaieran, "industria-sektorearen portaera ezegonkorragoa izan baita, eta badirudi eraikuntzak 2017. urte honetarako utzi duela bere susperraldia, aurten nabarituko baitugu gero eta etxebizitza gehiago eraikitzen hasiko direla".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!