Barkosi “harrotasuna” sentiarazi dio errefuxiatuen aldeko desobedientzia ekintzak

Euskalerria Irratia 2017ko urt. 11a, 08:57

> Datorren astean "agian" bilera eginen dute Nafarroako eta Espainiako gobernuek, Hitzarmen Ekonomikoaren berritzea aztertzeko.
> Euskararen foru dekretu berriak "anbizioz beterikoa" izanen da eta "adostasuna lortzeko gaitasuna" edukiko du.
> Nafarroako Ubidearen bigarren faseko lizitazioa hasi aurretik, "proiektua birpentsatu behar da"; izan ere, erabilpen aurreikuspenak "ez dira egia".

“Europaren jarrera penagarria izaten ari da, eta gizarte batek lortzen badu horri erantzutea, kapaz bagara erantzuteko, harrotasuna sentitzen dut”. Hala mintzatu da Uxue Barkos foru lehendakaria, Euskalerria Irratiko estudio nagusian, Begoña Huarte leitzarrak eta Mikel Zuloagak errefuxiatuak Euskal Herrira ekartzen ahalegintzeko egindako desobedientzia ekintzaz.

Nolanahi ere, “beldur pixka bat” ere eragiten dio ekintza horrek; izan ere, “halako mugimenduek arriskua sor dezakete, pertsona trafikoa egiten duten mafiak bide horretatik sar daitezkeelako, eta, zentzu horretan, oso serio jokatu behar dugu halako ekintzekin”.

Datorren astean, “agian” Hitzarmen Ekonomikoari buruzko bilera

Urtarrilaren 17an, Madrilen, erkidegoetako presidenteen bilkuran parte hartuko du Barkosek. Hilaren 20an, Fitur turismo azokan izanen da Espainiako hiriburuan. Bi hitzorduon arteko egunak Madrilen Hitzarmen Ekonomikoari buruzko bileraren bat egiteko aprobetxatuko ote duen galdetuta, Barkosek, bi segundoko isilaldiaren ondotik, “agian” erantzun du, irribarre batez.

Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzak atzo iragarri zuen Ogasun Ministerioak “elkarrizketa eta adostasuna” bilatuko dituela Hitzarmen Ekonomikoko ekarpenaren auzian. Apustu hori “erabat” konpartitzen duela esan du Barkosek, eta aitortu du Rajoy karguan jardunean horrenbeste denbora emateak negoziazioak zaildu dituela. Nolanahi ere, oroitarazi du bi urte daramatzagula akordiorik gabe. “Bazen garaia”, gaineratu du.

“Nafarroako ubidea birpentsatu behar da”

Nafarroako Ubidearen bigarren fasearen lizitazioari ekitear dagoela dio Espainiako Gobernuak. Iragarpen horren aitzinean, bi mezu eman nahi izan ditu foru lehendakariak: “bere garaian marraztutako proiektua ezin da gauzatu” eta “Estatua ez da zintzoa izaten ari finantzaketari dagokionez”.

Barkosen arabera, “ikusi dugu lehen fasearen erabilera aurreikuspenak ez direla bete, eta badakigu bigarrenekoak ez direla beteko, ez direla egia”. Bestalde, “Nafarroak oso zintzoki jokatu du ubidearen finantzaketarekin eta Estatuak ez du hori bera egin”.

Estatuarekin dituen negoziazioetan, Euskal Autonomia Erkidegoak lehentasuna eman dio Abiadura Handiko Trenari. Barkosen gobernuak ez du jarrera bera. “Interesgarria litzateke Iruñea eta Gasteiz arteko bide bat egitea, Europarako bidea irekitzeko bidaiarientzat eta merkantzientzat”, baina bide hori “teknikoki ez litzateke Abiadura Handiko Tren bat izango”, eta irtenbide horretan ados daude aldaketaren aldeko lau indarrak.

Euskarari buruzko dekretuak “anbizioa eta adostasuna” uztartuko ditu

Euskararen Legearen ezarpena arautuko duen foru dekretuan lanean ari direla jakinarazi du lehendakariak. “Anbizioz betetako dekretu bat lantzen ari gara, adostasuna sortzeko gain dena. Lege horrekin dekretu sakonak egin daitezke, eta horretan ari gara”, azaldu du.

Legealdiaren hasieran, hizkuntza politikaren alorrean arrakalak izan ziren aldaketaren aldeko lau indarren artean. Barkosen irudikoz, alta, “desadostasunak formei buruzkoak ziren, ez edukiari buruzkoak”, eta “adostasuna gero eta handiagoa da”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!